Indarkeria matxista pairatu duten emakumeak artatzeko gida izango dute Udalek

Uxue Igarza Loiola 2021ko ots. 3a, 15:34

EUDELek eta Emakundek tokiko erakundeei bideratutako tresna berria aurkeztu dute. Azaldu dutenez, gidaren asmoa da udal eskumeneko esparruetan, indarkeria matxistaren biktimei "erreparazioko eskubidea zehaztea eta gauzatzea".

Gida didaktikoaren forma hartzen duen tresna aurkeztu dute gaur EUDELek eta Emakundek. Ekimen berriak "ikuspegi berritzailea" eskaintzen duela adierazi dute: "Gidaren asmoa da lehen urrats gisa baliagarria izatea udalak, mankomunitateak eta kuadrilak beraien ekintzak berrikusten hasteko, hain gai sentikor eta konplexu batean".

Indarkeria matxista jasan duten emakumeen egoera ikusarazteko eta bidea egiten jarrai dezaten, hainbat neurri jasotzen ditu gidak. Horietako bat da udalerrietan indarkeria matxista ez errepikatzeko baldintzak ezartzea.

Dagoeneko 1.000 ale banatu dira EAEko udal guztietan, eta horrez gain, bigarren bertsio bat ere argitaratu dute –aplikazio praktikoko funtsezko alderdien laburpena–. Biak deskarga daitezke EUDEL eta Emakunderen webguneetan.

Praktika egokiak eta adibideak, jasota

Landu den gaietako bat biktimaren kontzeptuarena izan da. "Biktimen kontzeptua berrikustea proposatzen du gidak, biktima guztiekiko eta indarkeriak beren bizitzetan dituen inpaktu guztiekiko ikuspegia zabalduz, eta horien bizirik irauteko ahaleginak eta gaitasunak gogoan hartuz", azaldu dute.

Bestetik, legedia eta araudia (nazioartekoa, estatukoa eta autonomikoa) ere berrikusten dira, eta tokiko gobernuen eskumenak aztertzen dira. Eta horrez gain, adibide praktikoak ere txertatu ditzute: arreta sanitarioa, psikologikoa eta harrera baliabideak lehenbailehen eskuratzera bideratzea, berriz laneratzeko enpresekin eta beste erakunde batzuekin bitartekaritza lanak egitea, biktimen ahalduntzea eta haien lan kolektiboa sustatzea... Eta  udalerri batzuetan egindako "praktika egokiak" ere batu dituzte, besteak beste.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak