25 positibo atzeman dituzte bailaran eta Bergara "gune laranjan" sartu da

Uxue Igarza Loiola 2021ko ots. 3a, 12:55

Atzo egindako proba diagnostikoek 25 kasu baieztatu zituzten Debagoienean: zortzi Bergaran, bost Arrasaten, lau Aramaion eta bina Antzuolan, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Oñatin. Hala, 5.073 dira guztira bailaran kutsatutakoak.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Aurreko astean, EAEko herri handien artean intzidentzia-tasa baxuena zuten Oñatik eta Bergarak. Baina, azken egunetan atzemandako kasuak direla-eta, Bergara "gune laranjan" sartu berri da.

Beste herriei erreparatuta ere, tasek gora egin dute udalerri gehienetan (Aramaion, Antzuolan, Eskoriatzan eta Oñatin) eta behera egin duen herri bakarra Aretxabaleta da. Gainerakoetan, berdin mantendu dira zenbatekoak.

Hemen datu guztiak:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

85 hildako astebetean

Eguaztenero bezala, Osasun Sailak azken astean zendutakoen datuak eman ditu gaur. Urtarrilaren 25etik 31ra bitartean, 85 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn, eta gauzak horrela, pandemia hasi zenetik, 4.516 lagun zendu dira Hego Euskal Herrian (grafikoak hemen).

Nolahai ere, Osasun Sailak emandako datuen arabera, ez da COVID-19aren ondoriozko heriotzarik izan Debagoieneko herrietan. (Herriz herrikako heriotzen datuak goiko mapan daude)

1.224 positibo, Hego Euskal Herrian

Atzo 19.986 PCR eta antigeno proba egin zituzten erkidegoan, eta orotara, 1.224 positibo erregistratu ziren; %6,4koa izan zen positibotasun-tasa erkidegoan (herenegun baino %0,5 txikiagoa) eta %4.9koa Nafarroan (aurreko egunean baino %1,3 txikiagoa). Lurraldeka, 553 positibo izan ziren Bizkaian hautemandakoak, 333 Gipuzkoakoak, 197 Nafarroakoak, 163 Arabakoak eta zortzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artekoak.

R0 datua, 1etik behera

Abenduaren 30etik egon da erkidegoko oinarrizko birsorkuntza tasa 1aren gainetik, eta atzo 0,99ko datua erregistratu zen. Adierazle horrek kutsatutako pertsona batek batez beste zenbat kutsatzen dituen neurtzen du, eta hortaz, 1etik behera badago, gaitza hedatzen ez dela ondoriozta daiteke.

Lurraldeetako zenbateko zehatzei dagokienez, Gipuzkoa da oraindik muga gainditzen duena (1,03ko datuarekin) eta hortik behera daude Araba (0,96) eta Bizkaia (0,97).

Beheranzko joerarik ez, ospitaleetan

Atzo 98 lagun ingresatu zituzten erkidegoko erietxeetan, eta azken datuen arabera, 746 lagun daude ospitaleratuta (aurreko egunean baino sei gehiago); horietatik, 155 ZIUn (bat gehiago). Herenegungo datuekin goranzko joera eten zela ikusi zen, baina atzoko datuek ez dute behera egiten jarraitu. Nafarroan berriz, 10 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta guztira 196 daude ingresatuta; horietatik 32 ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak