Guztira 34 kasu berri baieztatu dira bailaran azken hiru egunetan, eta egubakoitzean hautemandako hamar kasuekin 5.000 kasu metatu izatera iritsi da Debagoiena; hau da, martxotik egubakoitzera bitartean, 5.000 debagoiendar kutsatu dira. Ondoren, zapatuko zortzi positiboekin eta atzoko hamaseiekin, 5.024ko datu metatua du bailarak.
Grafikoan garbi ikusten da: lehenengo mila kutsatuak batzeko ia zazpi hilabete behar izan ziren (martxotik irailera), baina gero, bizkorrago batu ziren (42, 15 eta 24 egunetan). Bukatzeko, azken 1.000 kutsatuak 52 egunetan metatu dira (abenduaren 8tik urtarrilaren 29ra arte).
Asteburuko datuei helduz, esan bezala, egubakoitzean hamar positibo batu ziren: Arrasaten sei, Bergaran bi eta bana Aramaion eta Aretxabaletan. Bestetik, zapatuan zortzi kasu erregistratu ziren: bost Bergaran eta bana Aramaion, Aretxabaletan eta Oñatin. Eta atzo, ostera, hamasei izan ziren hautemandakoak: sei Arrasaten, bost Aramaion, hiru Bergaran eta bana Aretxabaletan eta Eskoriatzan.
HERRIA | ASTEBURUKO POSITIBOAK | KASU METATUAK |
Arrasate | +12 | 2.221 |
Bergara | +10 | 1.113 |
Aramaio | +7 | 95 |
Aretxabaleta | +3 | 494 |
Eskoriatza | +1 | 255 |
Oñati | +1 | 632 |
Antzuola | 0 | 155 |
Elgeta | 0 | 51 |
Leintz Gatzaga | 0 | 8 |
GUZTIRA | 34 | 5.024 |
Positibo berriekin intzidentzia datuak ere hazi egin dira zenbait herritan; azpimarragarriena Aramaio da. Esperotako joerari eutsi dio eta atzo 1.216,22ko intzidentzia erregistratu zuen. Halere, ez da "herri gorrien" zerrendara batu, 5.000 biztanletik beherako herrietan hiru aldagai hartzen baitira kontuan herri hori "gorria" den edo ez ondorioztatzeko: 100.000 biztanleko 500eko intzidentzia-tasa gainditzea, azken zazpi egunetan hiru kasu edo gehiago erregistratzea eta dagokion osasun eremua ere "gune gorrian" kokatzea.
Aramaioren kasuan, lehenengo bi aldagaiak betetzen ditu, baina Debagoieneko ESIren baitan dago, eta azken datuaren arabera, 275,18ko intzidentzia-tasa du osasun eremuak. Arrasate, Bergara, Oñati eta Leintz bailara barnebiltzen dituen Erakunde Sanitario Integratua "eremu horian" dago. Eta nabarmentzekoa da, izan ere, EAEko ESI bakarra da egoera horretan.
Hala, Aramaion, ostalaritza establezimenduek ez dituzte ateak itxi beharko eta eskola kirola ez da etenda geratuko.
Hemen, herri guztietako tasak eta datu metatuak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Erietxeetako egoerak okerrera
EAEko ospitaleetako presioa geroz eta nabarmenagoa da, eta asteburuan bigarren olatuko egoera gainditu zen. Azken datuen arabera, 53 lagun ingresatu zituzten atzo eta 792 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 160, ZIUn (duela hilabete baino 81 gehiago). Nafarroan berriz, 207 lagun daude ingresatuta; horietatik 35, Zainketa Intentsiboetako Unitatean.
Bestetik, atzo hautemandako kasuei dagokienez, 14.625 PCR eta antigeno proba egin ziren Hego Euskal Herrian, eta %8,2k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %5,4k Nafarroan; hain zuzen ere 1.113k. Lurraldeka, 474 atzeman ziren Bizkaian, 317 Gipuzkoan, 161 Nafarroan, 149 araban eta hamabi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.