Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak enpresak iazko urtearen balorazioa egin du asteon, eta emaitza "positiboak" lortu dituela baieztatu. Okelaren kontsumoaren gorakadarekin lotu du emaitza horren jatorria, hein handi batean, Iraia Sola hiltegiko kudeatzaile nagusiak: "Harategien eskaerak eta baserritarren salmenta zuzenak hazi egin ziren iaz; horren ondorioz, 2019ko fakturazioa %8 igo dugu 2020an".
Guztira, 918 ustiategiri eskaini zien zerbitzua joan den urtean Zubillagako enpresak, eta horietatik 439 Bizkaikoak dira. "Bitxia badirudi ere, lurralde historiko horretan ez dago hiltegirik, eta Arabara eta Gipuzkoara jotzen dute bertako baserritar eta harakinek", zehaztu du Solak. Beste erabiltzaileen artean, 365 gipuzkoar jatorrikoak izan ziren, 94 Arabakoak, eta inguruko erkidegoetakoak, berriz, gainontzekoak.
Ekoizpen ekologikoa, bogan
Orotara, 1.450 tona kanalean ekoitzi zituen iaz Zubillagako hiltegiak, eta egunero "60 eta 80 abelburu inguru" prozesatzeko gai izan zen. Horietatik 55 tona ekoizpen ekologikoarekin lotu-takoak izan ziren, 2019an atera-takoaren bikoitza. Enpresako kudeatzaileak nabarmendu duenez, "igartzen da bezeroek lehen-gai ekologikoa gero eta gehiago apreziatzen dutela".
Prozesu hori nola gauzatzen den galdetuta, "ordena eta trazabilitatea" kontuan hartzen dituen sistema erabiltzen dutela azaldu du Solak: "Prozesu konbentzionalarekin alderatuta, zatitze geletan gertatzen da aldaketa nagusia, bertan dagoelako okela kontaminatzeko eta nahasteko arrisku handiena; hala, ekoizpen ekologikoko produktuak arreta handiagoz zaintzen ditugu zatitze geletan".
Aldaketak instalazioetan
Pandemia iritsi aurretik zehaztu zituzten obrak egiten dabiltza orain Zubillagako hiltegian. Bulegoan eta aldageletan egingo dituzte aldaketarik handienak, eta COVID-19ari aurre egiteko ere "baliagarriak" egingo zaizkie instalazio berriak bertako langileei: "Lehen, aldagela bakarra geneukan, eta, hemendik aurrera, bi izango ditugu, banatzaileak beste langileekin ez nahasteko; izan ere, haiek dira birusa hartzeko arrisku handien dutenak, enpresatik kanpo aritzen direlako, gehienbat".
Banaketaren subrogazioa
Urtebete igaro da Oñatiko Zubillaga auzoko enpresak banaketa zerbitzuaren azpikontratazioa amaitu zuenetik. Erabaki hori hartu izana "albiste ona" izan zela uste du Solak: "Orain, zerbitzu hobea eta malguagoa eskaintzen diegu harakinei eta baserritarrei, egun gehiagotan toki gehiagotara heltzeko gaitasuna irabazi dugulako". Horregatik, kudeatzaileak eskerrak eman nahi izan dizkie enpresarekin parte hartzen duten udalei, eurei esker haragia banatzeko "enpresa barruko langileak eta kamioi propioak" dituztelako orain.
Ekoizpena mantentzea helburu
COVID-19aren aurrean enpresak "ondo" erreakzionatu duela ondorioztatu dute Zubillagako hiltegiko arduradunek, eta aurtengo urteari begira "ekoizpena mantentzea eta, ahal bada, %1 igotzea" jarri dute erronka gisa.
Hiltegia martxan izateko "ahaztu ezin den" helburu bat, bestalde, "hemengo herrietako baserriak osasuntsu mantentzea" dela aipatu du Solak: "Ingurugiroa eta paisaia mantentzen ditugu horrela, eta, hala, kalitatezko okela heltzen da gure harategietara".
Ibarreko 183 baserriri zerbitzu
Gipuzkoan animalia espezie handien lau hiltegi daude, guztira, Donostian, Zestoan, Tolosan eta Oñatin kokatuta. Azken hori bakarrik da %100 publikoa; bertan, Debagoieneko udal guztiez gainera, Zumarragako, Urretxuko eta Legazpiko udalek ere hartzen dute parte.
Bezeroei dagokienez, harakinak dira Zubillagako zerbitzura jotzen duten erabiltzaileen %70. Gainontzeko ustiatzaileen artean daude, batez ere, autokontsumora eta zuzeneko salmentara dedikatzen diren baserritarrak, eta, modu apalagoan, jatetxeak. Hain zuzen, Debagoieneko 183 baserrik jotzen dute Oñatin kokatuta dagoen hiltegiko zerbitzuak kontratatzera.
Guztira, 24 pertsonak egiten dute lan enpresa horretan, zatitze geletan, hiltze prozesuan, bulegoan eta banaketan sailkatuta.