Bailarako herri gehienetan hauteman dira positibo berriak

Uxue Igarza Loiola 2021ko urt. 28a, 13:00

Guztira 20 izan dira azken orduetan Debagoienean baieztatu dituzten kasu berriak: bederatzi Arrasaten izan dira, lau Bergaran, hiru Antzuolan, eta bana erregistratu dira Aramaion, Aretxabaletan, Elgetan eta Eskoriatzan.

Oñatin eta Leintz Gatzagan salbu, gainerako herri guztietan erregistratu dira kasu berriak. Guztira 20 izan dira, eta eskualdeko datu metatua 4.971ra igo da.

Intzidentziei erreparatuta, 500etik beherako tasekin jarraitzen dute bailarako herri guztiek oraingoz. Halere, mugatik gertuago daude batzuk; batez ere Aramaio (472,97). Bestetik, beste egun batez, Oñati eta Bergarak 200etik beherako intzidentzia-tasak erregistratu dituzte; erkidegoko herri handien artean tasa baxuenak dituzte.

Mapa honetan daude intzidentzia-tasa guztiak eta baita kutsatzeei lotutako zenbatekoak ere. Horren harira, azpimarratzekoa da Osasun Sailak herrietako datu eguneratuak eman dituela asteko buletinean, eta hortaz, positibo metatuak nabarmen aldatu direla hainbat kasutan.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Lau heriotza bailaran, astebetean

Osasun Sailak herriz herriko heriotzen datuak jakinarazi ditu, eta hilaren 17tik 24ra, lau lagun zendu dira bailaran, COVID-19aren ondorioz: bi Aretxabaletan eta bi Arrasaten. Hortaz, Debagoienean 143 lagun hil dira martxotik hona: 71 Arrasaten, 34 Bergaran, hamasei Aretxabaletan, hamahiru Oñatin, sei Eskoriatzan eta bana Antzuola, Aramaio eta Elgetan.

700 lagun baino gehiago ospitaleetan

Erkidegoan, ospitaleratzeek gora egiten jarraitzen dute egunetik egunera, eta atzo 94 pertsona ingresatu zituzten (herenegun baino bost gehiago). Guztira 707 pertsona daude ospitaleratuta EAEko erietxeetan: aurreko egunean baino hamahiru gehiago, duela astebete baino 122 gehiago eta duela hilabete bat baino 336 gehiago. Horrekin lotuta, azpimarratu behar da ZIUek eragiten dutela kezka handiena, izan ere, azken datuen arabera, 137 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (herenegun baino hiru gehiago). Nafarroan berriz, hemeretzi ospitaleratze erregistratu zituzten atzo, eta guztira 190 lagun daude ingresatuta; horietatik 32 ZIUn.

Positibo berriei dagokienez, Hego Euskal Herrian 18.623 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta proben %8,2k eman zuen emaitza positiboa erkidegoan (herenegun baino %1,2 gehiagok) eta %7,3k Nafarroan (herenegun baino %1,9 gehiagok). Hala, guztira, 1.501 kasu berri baieztatu dira: 730 Bizkaian, 342 Gipuzkoan, 228 Nafarroan, 186 Araban eta hamabost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak