Hemezortzi kasu berri baieztatu zituzten atzo egindako probek bailaran: hamabi Arrasaten, hiru Bergaran eta bana Antzuolan, Aretxabaletan eta Oñatin. Azken positibo horiekin, martxotik hona 4.908 debagoiendar kutsatu direla erakusten dute datuek.
Intzidentzia datuei erreparatuta, Aretxabaletaren tasak nabarmen egin du behera, eta urrundu egin da 500eko langatik: 395,48koa erregistratu zuen atzo. Bestetik, azpimarratzekoak dira Oñati eta Bergara, izan ere, 5.000 biztanletik gora dituzten EAEko herrien artean, intzidentzia-tasa txikiena dute (130,80 Oñatik eta 186,22 Bergarak); horiz daudenen artean, bakarrak dira 200etik beherako intzidentziarekin.
Herri guztietako intzidentziak eta positiboen eta heriotzen datu metatuak daude mapa honetan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 16.984 proba diagnostiko egin zituzten atzo, eta %7ak eman zuen positibo erkidegoan eta %5,4k Nafarroan; hots, 1.194 kasu baieztatu ziren. Gehienak, azken hilabeteko joerarekin batera, Bizkaian hauteman ziren: 609. Gipuzkoan berriz, 297 atzeman ziren, Nafarroan 191, Araban 179 eta bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean, hemeretzi.
Bestetik, ospitaleetan, egoerak okerrera egiten jarraitzen du erkidegoan; batez ere ZIUetan. atzo 89 lagun ingresatu zituzten (herenegun baino hiru gehiago) eta guztira 694 daude ospitaleratuta (aurreko egunean baino 21 gehiago eta duela astebete baino 132 gehiago). Aurreratu bezala, ZIUek eragiten dute kezka; izan ere azken datuaren arabera 134 lagun daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (aurreko egunean baino bederatzi gehiago eta duela astebete baino 37 gehiago). Nafarroan bestalde bederatzi izan ziren ospitaleratzeak eta orotara 191 lagun daude ingresatuta; horietatik 30, ZIUn.
Bukatzeko, eguaztenero bezala, Osasun Sailak azken astean zendutakoen berri eman du gaur. Urtarrilaren 18tik 24ra bitartean, 89 pertsona hil direla jakinarazi dute. Hortaz, Hego Euskal Herrian, 4.429 pertsona (3.409 erkidegoan eta 1.020 Nafarroan) zendu dira martxotik hona COVID-19aren eraginez.