Intzidentzia-tasak gora egin du Arrasaten eta bailarako mapak kolore laranjagoa hartu du; zehazki, 303,41ko tasa erregistratu du. Aretxabaletak, bestetik, tasa apur bat murriztea lortu du, baina oraindik "gorri izatetik" gertu dago, 466,10eko tasarekin.
Udalerri bakoitzaren gainean daude datu guztiak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herrian, berriz, 16.688 proba diagnostiko egin zituzten atzo eta 1.347 kasu baieztatu zituzten; proben %8ak eman zuen emaitza positiboa erkidegoan eta %8,3k Nafarroan. Lurraldez lurralde, 628 kasu erregistratu ziren Bizkaian, 331 Gipuzkoan, 246 Nafarroan, 138 Araban eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Erietxeei erreparatuta, EAEn 86 lagun ospitaleratu zituzten atzo (aurreko egunean baino 38 gehiago), baina, guztira, 673 pertsona daude ingresatuta (herenegun baino bederatzi gutxiago). Goranzko joera eten zen atzo, baina ZIUn daudenek gora egiten dute egunetik egunera: azken datuen arabera, 125 dira (atzo baino hiru gehiago eta duela astebete baino 29 gehiago). Nafarroan, berriz, hamabost lagun ingresatu zituzten atzo (herenegun baino sei gehiago), eta orotara 205 daude ospitaleratuta (aurreko egunean baino lau gutxiago); horietatik 31 ZIUn (herenegun baino lau gehiago).