Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarrekin antolatzen dute Eskolarteko txapelketa. 2020an, osasun egoerak eraginda, ekainean jokatu behar zen finala azarora atzeratu zen; baina, azkenean, ez zen jokatu. Bada, orain, proposamen berri honekin finalerako sailkatuta zeuden bertsolariei beste aukera bat eman nahi diete.
'Eskolatik plazara'
Eskolartekoa plazarik plaza eramango dute. Bertsolari gazteak plazetan ibiltzen diren bertsolariekin elkartuko dituen proposamena da Eskolatik plazara. Euskal Herriko finala jokatu ez zen arren, lurraldeetako saioak egin ziren, eta ondorioz, baita finalistak aukeratu ere. Horien artean zegoen, Arabako eskolarteko txapeldun Aitor Ugarte aramaioarra.
Ahalegin berriarekin finalerako sailkatuta zeuden hamar bertsolariei ikusgarritasuna eman gura zaie. Hiru saioa antolatu dituzte; horietako bat, egubakoitzean izango da. Saioak doan izango dira baina lekua erreserbatu beharko da.
Gernika Lumon, barikuan
Urtarrilaren 29an, 18:00etan, Gernika Lumoko Astran kantatuko dute Bizkaiko eta Gipuzkoako eskolartekotik sailkatutako Irune Basagoitik, Leire Vargasek eta Naia Arrizabalagak; eurekin arituko dira Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio. Igor Menikak gidatuko du saioa.
Otsailaren 5ean, Iruñan
Bigarren saioan Arabako eta Nafarroako ordezkariak elkartuko dira, otsailaren 5ean, Iruñan: Eukene Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin. Josu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da hitzordua, 18:00etan.
Hirugarren saioaren xehetasunak ez dituzte zehaztu oraindik.