Eusko Jaurlaritzaren Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoak (Labi) atzo hartutako neurri murriztaile berrien dekretua gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hona hemen jasotzen dituenak:
Udalerriak itxita
Astelehenetik aurrera ezin izango da norbere udalerritik atera, ez bada ezinbesteko jardueretarako: alegia, osasun arrazoiengatik, lana egiteko, ikasteko, menpekotasuna duten pertsonak zaintzeko edota jarduera profesionaletarako. Salbuetsita egongo dira baimendutako kirol-entrenamenduetarako eta lehiaketetarako beharrezko lekualdatzeak egitea. Lekualdatzeen arrazoia justifikatu beharko da.
Lau pertsonako bilkurak
Eremu publikoetan zein pribatuetan ezin izango dira lau pertsona baino gehiago batu. Gomendio gisa jaso dute, gainera, espazio pribatuetan bizikidetza unitateko kideak bakarrik elkartzea. Tabernetako eta jatetxeetako mahaietan ere, gehienez, lau pertsona eseri ahal izango dira elkarrekin.
Ostalaritzan aldaketarik ez
Gaur egun indarrean dauden neurri berriekin jarraituko du ostalaritzak. 20:00etatik 06:00retara itxita egon beharko dute eta eremu gorrietan dauden herrietan itxita jarraitu beharko dute.
Etxeratze ordua
Orain arte bezala jarraituko du, 22:00etatik 06:00retara.