Udalerriak ixteko eta topaketak lau lagunera murrizteko erabakia hartu du Jaurlaritzak

Uxue Igarza Loiola 2021ko urt. 22a, 14:12

Gizarte-, kultura- edo kirol-jarduerak eta establezimenduak 19:00etan ixtea baztertu du LABI Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak, eta beraz, orain arte bezala mantenduko da hori.

Etxeratzeko agindurik moldatu ezin izan badu ere, LABI teknikoan egindako proposamenak jarraituz, Jaurlaritzak bi neurri berri abiaraziko ditu hilaren 25ean: gehienez ere lau lagun elkartzeko muga –erabilera publikoko nahiz pribatuko espazioetan– eta erkidegoko udalerri guztietan itxiera perimetrala ezartzeko agindua –intzidentzia-tasa edozein dela ere eta udalerri mugakiderako igarobidea salbuetsi gabe–.

Aurretik zeuden neurriak bere horretan mantenduko direla azpimarratu du Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak. Bestetik, adierazi du "mugikortasuna mugatzeko" eta bizikidetza burbuiletatik kanpoko pertsonekin "harremana mugatzeko" hartu direla erabaki berriak. "Egoera zaila da, eta prebentzio neurriak mantendu behar ditugu", gehitu du. Esan bezala, neurriok astelehenean sartuko dira indarrean.

Honako hauek dira indarrean egongo diren neurri guztiak:

  • Euskadiren itxiera perimetrala eta udal mailako itxiera perimetrala.
  • Gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea.
  • Merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia, 21:00etan.
  • Gehienez % 40ko edukiera 150 m2 baino gehiagoko merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa 150 m2 arteko azalera dutenetan. Edukiera murriztuak, era guztietako kultura- eta gizarte-ekitaldietarako.
  • Kultu-aretoetako gehieneko edukiera % 35 mugatzea.
  • Musika- eta ahots-entsaioak eta emanaldiak bertan behera uztea.
  • Ostalaritza eta jatetxeak ixteko ordutegia 20:00etatik 06:00etara.
  • 100.000 biztanleko Intzidentzia-tasa metatua 500 edo gehiago duten udalerrietan:
    • Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak eta joko- eta apustu-establezimenduak ixtea.
    • Taldeko kirol-jarduera etetea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak