Gabonetako aurreikuspenak gainditu dituzte tokiko komertzioek

Hasier Larrea 2021ko urt. 23a, 12:35
Aurtengo Gabonek, iazkoek ez bezala, etxean goxo egotera gonbidatu dute.

Mugikortasuna galarazita egoteak, eguraldiak eta bonu kanpainek Gabonetan tokiko komertzioa hauspotu dutela nabarmendu dute ibarreko komertzio elkarteek; mendiko eta etxeko arropak zein elikadura produktuak izan dira herrietan gehien saldu direnak.

Urteko azken txanpa baliatzen dute dendari txikiek aurreko hilabeteetako emaitzak borobiltzeko. Mugimendu handiko egunak izaten dira hirugarren sektorearentzat, bezeroak ohi baino prestuago daudelako erosketak egiteko, eta, kasu askotan, saltzaileek biltegian daukatena saltzeko behar handia izaten dutelako, denboraldi berriko produktuei tokia egite aldera. Pandemiak ezerezean utzi zuen iazko martxoa eta apirileko tokiko komertzioen aktibitate gehientsuena; arrazoi horregatik, joan berri diren Gabonak normalean baino erabakigarriagoak izan dira eurentzat.

Sektore bakoitzak, berea

Hala ere, ziurgabetasun handiz itxaron zuten abendu bukaeraren etorrera Debagoieneko saltzaileek, azaroan ostalaritza itxita zegoelako, batik bat. Dendariek argi daukate tabernak zabalik egoteak lagundu egiten diola merkataritzari, "kalean girotzea" dakarrelako horrek. Aretxarte komertzio elkarteko bazkide Idoia Elexpuruk, adibidez, beste urteekin alderatuz arropa dendako fakturazioan "%20 inguruko jaitsiera" edukiko zuela kalkulatu zuen Gabonei begira. Errealitateak, oraingoan, irribarre egin dio, "beste urteetan bezala edo hobeto" ibili direlako aurten, "eta ez bakarrik nire dendan".

IDOIA ELEXPURU (ARETXARTE): "TXAPELA KENTZEKO MODUKO JARRERA DAUKATE BEZEROEK, OROKORREAN"

Ildo beretik mintzatu dira, Aretxabaletakoak ez ezik, Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko komertzio elkarteetako kideak ere. Faktore asko izendatu dituzte komertzioen susperraldiaren jatorri gisa. Horietako bat, elurtea. "Kirol eta lentzeria dendek atera diote denboraleari etekinik handiena, mendian eta etxean eroso egotea lehenetsi dutelako herritarrek", adierazi du Jon Apraiz Ibai-arteko presidenteak.

JON APRAIZ (IBAI-ARTE): "ASTEETAN DENDAK ITXITA IKUSTEAK GOGOETA PIZTU DIE HERRITARREI"

Kontrara, zeremonietako arropa dendek, liburu-dendek eta bidaia agentziek ez dute urte amaierari zukua ateratzerik izan: "Ezkontzak eta bidaiak murriztu egin dira erabat", diote Apraizek berak eta Oñatiko Txanda elkarteko Mari Paz Mancerasek. Jendeak Interneten "asko" erosten duela ere esan du oñatiarrak: "Liburu-dendari batek esan zidan gehien saldu duen produktua oparitarako paperezko bilgarria izan dela; beraz, pentsatzekoa da plataforma handietara jotzen dutela askok Gabonetako erregaluak egiteko orduan".

MARI PAZ MANCERAS (TXANDA): "ASKOTAN EZ DUGU ASMATZEN BEZEROEI PROMOZIOEN BERRI EMATERAKOAN"

Bonuen bultzada

Eusko Jaurlaritzak, udalek eta komertzio elkarteek bonu-kanpaina desberdinak jarri zituzten martxan udazkenetik urte amaierara bitartean, eta herritarrek deskontuei "probetxu ona" atera dietela jabetu dira dendariak. "Bergarako Udalak pertsona bakoitzeko 200 euroko bonua atera zuen azaroan; partida indartsua zen, bezeroari %20 aurreztea ekartzen ziolako", aipatu du Maitane Azkarate Bedelkarko presidenteak, eta honako hau gaineratu: "Urteko azken egunean gastatu ziren bonu horiek". Dirulaguntzek gainontzeko herrietan ere eragin dute mugimendua mostradoreetan. Oñatin, esaterako, 100.000 euro baino gehiago jarri zituen Udalak dendetan gastatzeko, eta Aretxabaletan "astebetean" gastatu ziren establezimendu bakoitzeko 123 txartelak. Arrasateren kasuan, Ibai-artek berak jarri zituen bonuak salgai Gabonetarako, zuzaraguretxertoa.eus webgunearen bidez. "Udalaren iraileko bonuak urrian agor-tu ziren, eta guk abiatutako kanpainari esker igarri dugu mugimendu gehiago Gabonetan", azaldu du Apraizek.

MAITANE AZKARATE (BEDELKAR): "OHIKO EKITALDIAK BERRASMATU BEHAR IZAN GENITUEN IAZ, MURRIZKETENGATIK"

Kontzientziazio handiagoa

Orokorrean salmentek gora egi-tearen atzean "zalantzarik gabe" herritarren inplikazioa dagoela uste dute merkatariek. Bezeroen interesa pizteko ekintza ikusgarriek ere "laguntzen" dutela aipatzen dute. Iaz, mugak muga, ikuskizunak, publizitate spotak, oparien zozketak eta halako ekimenak egin zituzten komer-tzio-elkarteek. Eskaintza horiek gertukoen fidelizazioa lortzen dutela argi daukate, baita komertzio txikiek berezko aban-tailak dituztela ere: "Herrian erosi izanak erraztu egiten du, nahi izanez gero, produktua aldatu edo itzultzeko prozesua; Interneten eta zentro komertzial handietan, berriz, zailagoa da", alderatu du Elexpuruk.

Topikoa den arren, kaleko saltzaileek eskaintzen dute arretarik hurbilena, eta hori bezeroak badaki. Urtarrilean zehar ere izango du deskontuak eta tratu adeitsua jasotzeko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak