Erkidegoan eta Hego Euskal Herrian egoerak okerrera egiten duen bitartean, Debagoieneko herriak bigarren eta hirugarren olatuko zenbateko txikienak erregistratzen ari dira. Halere, martxotik hona, 4.816 debagoiendar kutsatu dira eta 140 hil (69 Arrasaten, 34 Bergaran, hamalau Aretxabaletan, hamahiru Oñatin, sei Eskoriatzan, bi Antzuolan eta bana Aramaio eta Elgetan).
Intzidentzia-tasei dagokienez, ez da aldaketa nabarmenik izan. Mapa honetan daude herri bakoitzeko azken positiboak, hilkortasun-tasak eta intzidentzia-tasak, besteak beste.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
62 heriotza azken astean
Eguaztenero egiten duen bezala, Osasun Sailak azken astean zendutakoen zenbatekoak eman ditu gaur, eta urtarrilaren 11tik 17ra bitartean, 62 lagun hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Horrenbestez, 4.317 pertsona zendu dira Hego Euskal Herrian dagoeneko, COVID-19aren ondorioz.
Bestetik, Hego Euskal Herrian 17.000 proba diagnostikoek 1.252 positibo hauteman zituzten; %7,6k eman zuen emaitza positiboa erkidegoan (herenegun baino %0,7 gutxiagok) eta %6,3k Nafarroan (herenegun baino %2,5 gutxiagok). Lurraldeka, 616 positibo baieztatu zituzten Bizkaian, 298 Gipuzkoan, 206 Nafarroan, 110 Araban eta 22 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Ospitaleetan, presioa
Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak atzo onartu zuen erkidegoko erietxeetan "tentsioa" igartzen hasi direla, eta tentsio hori ez da leundu atzoko datuekin. Beste egun batez, gora egin du ospitaleetako okupazioak EAEn. 83 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 562 pertsona daude ingresatuta; horietatik 97, ZIUn.
Konparaketa bat egitearren, hilaren 1ean, 323 lagun zeuden EAEko erietxeetan (atzo baino 239 gutxiago). Gainera, 20 egun hauetan, ZIUn dauden kutsatuen artean ere gorakada egon da: 77 zeuden urtarrilaren 1ean, eta atzo 97; 20 gehiago.
Nafarroan, bestalde, hemeretzi lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta guztira 206 lagun daude ingresatuta; horietatik hemezortzi, ZIUn.