Edurra mara-mara

Juan Martin Elexpuru 2021ko urt. 15a, 20:01

Edurra mara-mara ari da, edo Edurra teilatuan, zakua lepuan kantatzeko moduko egunak egin dittu aurten, aspaldiko partez. Zelakua zan be ahaztuta geunkan ixa. Edur danak ez dira berdinak; esaten dabe inuitek hogeta hamar edur-klase bereizten dittuela. Hemen be edurrak hiztegi aberatsa dauka, nahiz eta ahaztu samartuta daukagun. Egixa esan, ikaragarri aldatu eta murriztu da azken mendian naturari buruzko hizkuntza. Bergarako berbak ekarriko dittut, batez be, Oñati-Antzuola-Elgetakuak be bai, jakinda asko faltako diela eta beste batzuk be esango diela bailaran.

Edurte ederra aurtengua. Edurra egin egiten dau. Edurra egin dau gabian –telebistan elurra bota du gauean entzuten dogu sarri. Ondo esanda ete dago? Gero itzuliko gara–. Orain edurra dihardu, ordu bixetan edurra ziharduan. Giputxek ari du/zuen. Edurra egin ezkero zurittu egiten dau; edurra zuri dago. Baina batzuetan, gutxi egiten dau, kapa fin-fin bat, edurra nabartu edo zurinabartu, ixa galduta dagon berbia. Edur asko egitten dabenian, edurra sendatu; hau da, loditu. Edur jausi barrixa, zapaltzerakoan zarata gozo hori etaratzen dabena, malutza. Ixa urtuta eta lokatziakin nahastuta dagona, batsa.

XEHE-XEHIA DANIAN, 'EDUR-GISIXA' EDO 'EDUR-KISIXA' DA, 'EDUR-LAPATXA' BE BAI

Edurrak forma asko hartzen dittu egiteko orduan. Edur-matazak edo malutak jausten die, horrek die berba nausixak. Txapelan lakotxe malutak, esango leuke esajerau batek. Edurra mara-mara, blasta-blasta jausten da –lasaitasuna transmititzen dabe berba honek, edurrak bezelaxe–. Baina gutxi eta xehe-xehia danian, edur-gisixa edo edur-kisixa da, edur-lapatxa/lapratxa be bai zenbait lekutan. Lurra ikutu orduko urtzen dana, edur-ura; hotz haundixakin tanta borobilak egitten dittuanian, edur-pikorra –edur-pikorra eginaz hasi zan 1985eko edurte ikaragarrixa–. Honi txiskoria edo txirkoria be bai Oñatin eta Leintzen. Hotza, edurra eta haizia nahastuta egitten dabenian, edur-bisutsa. Honi uste dot lantzurdia be esaten jakola lehenago, nahiz eta berba honek beste zentzu bat be badaukan. Amari entzunda daukat gizona lantzurdiakin itto zala Antzuelan, Arrola aldian. Edurra eginda dagola gauez oskarbi badago eta hotz haundixa egiten badau, antzigarra sortzen da arboletan, izotzezko orratzak. Honi zurdia edo lan(t)zurdia be esaten jako. Baina edur barik be sortu leike antzigarra, ihintz izoztua da-eta, azken batian. Aldapan edur asko pilatzen danian, edur-luetzixa edo -luizixa gertatzeko arriskua dago, edur-jausixa be entzun leike gaur.

HOTZA, EDURRA ETA HAIZIA NAHASTUTA EGITTEN DABENIAN, 'EDUR-BISUTSA'

Edur-pelotaka ibili izan gara, alkarri edur-pelotak botatzen. Eta edur-bolak egiten, bueltak eta bueltak emonez. Eta, halako baten, edurra urtu egiten da; edurra kendu dau. Baina behetik gora hasten da kentzen. Inoiz edurtzaren erdixan be kentzen dau une baten; lurmentzen hasi dala edo lurmendu egin dabela esaten da, txorixak lurmendutako lekura joaten die.

Eta edurtea aprobetxauaz, hedabideetako eguraldi emoleei ohartxo bat, ez deixela gaizki hartu. Bihar euria, elurra, izotza, txingorra... botako du, entzuten dogu etengabe. Euria, edurra, izotza egin egiten dau, hori da erabilera neutroa, ez bota. Bota adierazkorra da, enfatikoa: egundoko zaparrada bota zuen. Ez nik esaten dotelako, egin bueltatxo bat Euskal Hiztegi Orokorrera. Teleberri-n Hiru presok ospa egin dute espetxetik esatia bezelatsu da, ihes egin dute biharrian.

Kontuak kontu, edurraz gozatu, baina hankarik ez apurtu.

[Artikulu hau aste honetako Puntua aldizkarian etorri da. Puntua etxean jasotzeko eta Goiena Klubeko kide egiteak dakartzan gainerako abantailak ere izateko, egin bazkide! HEMEN]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak