"Sufrimenduan ere badago gozatzea, hor dago gakoa"

Xabier Urtzelai 2021ko urt. 15a, 16:00
Aitor Ugarte eta Axier Alonso, aste barruan, Urtiagain inguruetan.

Boi Taull-erako (Herrialde Katalanak) bidea egin beharko dute Axier Alonsok (Oñati, 1988) eta Aitor Ugartek (Aramaio, 2001) zapatuan. Domekan dute Espainiako Txapelketa barruan egingo duten lasterketa bertikala, 700 metroko desnibela gainditzea helburu duen proba. Bihotz eta birikek, ordu erdi pasatxoan, estutu ederra hartuko dute.

Gutxi eskiatuko duzue domekan. Proba hastearekin batera amaituko da eta. Ordu erdiko lana, egurrean. Horrelako lasterketetan gozatu egiten duzue?

Aitor Ugarte: Bueno, sufrimenduan ere badago gozatzea, gorputzari %100 eskatzea. Baina ez, lasterketan, behintzat, eskiatu ez dugu askorik eskiatuko [2020an, Espainiako kilometro bertikaleko Espainiako txapeldun izan zen].

Erlojuaren kontrako lan hori bakarkako saioan izaten da ala taldean irteten zarete?

Axier Alonso: Taldean irteten gara. Baina, banakako probetan lekua hartzea hasieratik garrantzitsua izaten den moduan, gero mendian gora lerroan joaten garelako denak eta aurrekoek traba egiten dizutelako, proba bertikala eski pista zabal batean egiten da. Oso malda handiko pista bat aukeratzen dute, eta hor egin behar izaten dugu behetik gorako bidea.

Eta, halako lasterketa gogor eta azkarrean, badago estrategiarako lekurik?

A.U.: Halako lasterketetan sasoi oso onean egotea da garrantzitsua, oso egun ona izatea. Gero, momenturen batean erritmoa aldatu eta erasoa jotzea erabaki zenezake, baina tarte txikia egoten da. Bestela ere, topera joaten gara, eta indarrak gordetzeko tarte txikia egoten da.

Euskal selekzioko hautatzaile Igor Alzelaik astean eman du hautatuen zerrenda. Mendiko eskiak zale gehiago dituen lurraldeetan, Italian, Suitza, Frantzian... halako deialdiek oihartzun mediatiko handiagoa izango dute, ala?

A.A.: Bai, zalantza barik. Gurean mendiko eskia nahiko kirol minoritarioa da, ez du jende askok praktikatzen, nahiz eta badoan hazten. Beste lurralde batzuetan, selekzioan egotearren ere eskiatzaileen artean konpetentzia handiagoa egoten da. Gurean lagun talde bat gara, Euskal Herria ordezkatzeaz harro dagoen familia bat.

Mugak itxita egon diren honetan, eta bi astez izan bada ere, etxean bertan entrenatu ahal izan zarete, Aloñako inguruetan.

A.A.: Sekulako zortea dugu hemen; bereziki, aurten eskertu egin dugu etxean bertan halako elurteak izatea. Aloña inguruek aukera polita ematen dute mendiko eskia egiteko.

Egunotan lanetik edo unibertsitatetik irten eta hamar minutura elurretan zaudete, Urtiagainen. Pirinioetan bizi diren eskiatzaileen antzera!

A.A.: Kar, kar, kar. Eurak baino hobeto! Gainera, goialdean oraindik baldintza onak daude eskiatzeko, beste hilabetez eskiatzeko moduan egongo garela espero dut. Ea gehiago egiten duen.

Ze asmo duzue gaurko? Izan ere, entrenatzea tokatzen denean, gozatzeko tarte txikia izaten da.

A.A.: Bai, hala da. Gaur, serie batzuk egitea tokatzen zait niri, tapering deritzona. Hau da, lasterketa aurreko azken entrenamenduak intentsitate apur batekin egitea, baina nekea pilatu barik. Domekan, irteera puntuan, txispa horrekin egotea da helburua, eta fresko.

Entrenatzaileak bidalitako lanak fin betetzen dituzten horietakoak zarete?

A.A.: Normalean, bai. Aurten, gainera, Aitor eta biok entrenatzaile berberarekin gabiltza, Lide Leibarrekin. Mendiko eskia oso gaztetatik ezagutzen duen prestatzailea da, bere garaian euskal selekzioan jardundakoa, eta berak bidaltzen dizkigu egin beharrekoak.

A.U.: Berez, entrenatzaileak agindutakoa betetzen saiatzen gara, hura da-eta honetaz dakiena. Batzuetan, eguraldi kontuengatik-edo moldatu egiten dugu apur bat entrenamendu saioa, eta inoiz txanda-pasaren bat ere egin dugu; kar, kar, kar.

Euskal Herrian elurra egin duelako asteotan; bestela, batere ukitu barik joan beharko zenukete-eta txapelketara, mugak itxita egon direlako. Posible da baldintza horietan txapelketa ona egitea?

A.U.: Zalantza barik, zailagoa da. Nahiz eta sasoi puntu onean egon, elurrarekin hartu-emana izatea oso garrantzitsua da.

A.A.: Egunero eskiatzen dabilen eta oso maila ona duen eskiatzaile baten kontra ez dago askorik egiterik... Detaile txiki asko hobetu behar izaten dira aurrean ibiltzeko, oso kirol jarduera teknikoa da eta hobekuntza txikiak egiteko ordu asko behar dira. Eta, horretarako, ezinbestekoa da elur gainean ibiltzea.

Ze asmo duzue domekako hitzorduari begira? Aurrean ibiltzea posible da?

A.A.: Oso zaila da aurreikuspenak egitea, ez da-eta lasterketarik egon. Beste batzuetan, urtean zehar lehiakideak ikusten dituzu zelan dabiltzan, nor den faboritoa... Aurten, berriz, ez.

A.U.: Ez da izango erraza aurrean ibiltzea, baina, besteak ikusi ez ditugun moduan, besteek ere ez gaituzte gu ikusi. Horrek ezusteak emateko tartea uzten du. Akaso, beste urte batzuetan baino presio gutxiagorekin goaz.

Oso obsesiboak zarete materialaren pisuarekin?

A.A: Ez, ez gara zoratzen. Garbi dago material arina eraman behar dugula, baina muturreko kasuak ikusten dira, bereziki elitean, bota txikiak erosi eta aurrealdea moztu... Gu ez gara horra iristen.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak