Dagoeneko 15.700 herritar txertatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta lehenengo momentutik ezarritako denborak errespetatzen ari direla azpimarratu du behin baino gehiagotan Sagardui Osasuneko Sailburuak. Bestetik, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseiluaren asmoa datozen asteetako txertaketen erritmoa bizitzea da.
Bi gobernuek dituzte gordeta jada txertatu dituzten pertsonei jarri beharreko bigarren dosiak; modu horretan, txertaketa zikloak betetzen direla bermatu nahi dute. Pfizerren bigarren dosia 21 egunetara jarri behar da eta Modernarena 28 egunetara.
Bestetik, hirugarren txertoa ere iristear egon litekeela ematen du; izan ere, AstraZeneca eta Oxforden botika konpainien proposamena Europako zientzialarien onespenaren zain dago. Urtarrilaren 29a baino lehen iragar daiteke hirugarren txertoa erabilgarri egongo den edo ez.
Modernaren txertoak, ZIUetako profesionalentzat
Euskal Autonomia Erkidegora iritsitako lehen dosiak jartzen hasiko dira bihar. Osasun Sailak aurreikusitakoaren arabera, Osakidetzako hainbat erakundetako Zainketa Intentsiboetako Unitateetako profesionalak txertatuko dituzte horiekin.