Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK eta UEUk antolatu dute jardunaldia, eta aurkezpenean azaldu dutenez, oraingoan, helburua nazioarteko esperientzien berri izatea, garapen soziekonomiko endogenorako ereduak ezagutzea, "arkitektoen betaurrekoak" janztea eta arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politiken ereduan sakontzea izango da.
Aurkezpenean, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakari eta Elgetako alkateak hartu du parte. Adierazi duenez, jardunaldiak "garrantzitsuak" dira, eta funtsezkotzat jo du nazioartera begira jartzea: "Aitzindarien esperientziak ezagutzea garrantzitsua iruditu zaigu, eta nazioartean arlo honetan egin diren urratsak ezagutuko ditugu lehenik, haietatik gurera zer ekar dezakegun edo guretzat baliagarria zer izan daitekeen aztertuz".
Bestetik, gehitu du udalerri euskaldunen ezaugarriak kontuan hartuta, horietan garapen sozioekonomikoa modu iraunkorrean nola sustatu zehaztu nahi dutela. Eta horrez gain, aurreko edizioetan hizpide izandako gaia ere jorratuko da aurten: hirigintzak eta proiektu zehatzek hizkuntzan duten eragina. "Hori aztertzeko, zuzentzeko eta neurri zuzentzaileak hartzeko egiten diren lanak gero eta gehiago dira (...). Horiek guztiak nola uztartu, abiarazi eta koordinatu asmatzea ez da erronka makala, eta horri ere heldu nahi diogu", azaldu du Lazkanok. Horretarako, hainbat herritako alkateen arteko mahai-ingurua egingo dutela aurreratu du.
Aurten, online ere bai
Topaketa urtarrilaren 23an izango da Donostiako San Telmo Museoan, eta izena ueu.eus webgunean eman beharko da. Gainera, aurten, izena ematen dutenek zuzenean ere jarraitu ahal izango dute UEUren Youtubeko kanaletik.