Hamasei positibo berri hauteman dira bailaran, eta Arrasate gune horira igaro da

Uxue Igarza Loiola 2021ko urt. 13a, 13:11

Atzo egindako proba diagnostikoek hamasei kasu baieztatu zituzten Debagoienean: sei Aretxabaletan, launa Arrasaten eta Oñatin eta bana Bergaran eta Eskoriatzan.

Azken positiboak batuta, dagoeneko 4.774 herritar kutsatu dira bailaran, baina azken asteetan, egoerak hobera egin du. Horren adierazle da Debagoieneko herri bakarrak duela 500etik gorako intzidentzia, 100.000 biztanleko; Eskoriatzak, hain zuzen ere. Dena den, herenegun, 755,54ko tasa erregistratu zuen, eta atzo, berriz, 633,68koa. Hala, azken egunetako bilakaera ikusita, ondo bidean dela ondoriozta daiteke.

Bestalde, Arrasateren egoera ere nabarmen hobetu da. Aurreko asteko astelehenean, hilak 4, utzi zion "herri gorri" izateari, eta dagoeneko gune horian sartu da: atzo, 276,24ko intzidentzia izan baitzuen. Herri guztietako datuak daude mapa honetan:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Hamaika heriotza, Debagoienean

Osasun Sailaren arabera, azken eguneraketatik hona, beste bost herritar zendu dira Arrasaten, hiru Bergaran, bi Aretxabaletan eta bat Aramaion. Hortaz, goiko mapan adierazten den bezala, pandemia hasi zenetik, guztira 134 debagoiendar hil dira koronabirusaren ondorioz: 68 Arrasaten, 33 Bergaran, hamahiru Aretxabaletan, hamabi Oñatin, bost Eskoriatzan eta bana Aramaio, Antzuola eta Elgetan.

%5 eta %8ko positibotasun-tasak

Atzo 17.085 proba diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian eta 930 kasu baieztatu zituzten: 370 Bizkaian, 237 Gipuzkoan, 195 Nafarroan, 114 Araban eta hamalau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Hortaz, egindako probak oinarri hartuta, %5ak eman du emaitza positiboa erkidegoan (herenegun baino %1,7 gutxiagok) eta %8ak Nafarroan (%0,4 gutxiagok). Halere, oinarrizko birsorkuntza tasa oraindik 1etik gorakoa da; zehazki, 1,18koa Araban eta 1,13koa Gipuzkoan.

Bestetik, ospitaleetako egoerak ere okerrera egiten jarraitzen du. Atzo 58 lagun ospitaleratu zituzten (50 erkidegoan eta zortzi Nafarroan), eta guztira 562 pertsona daude erietxeetan; horietatik 91, ZIUn.

Bukatzeko, Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eman ditu azken asteko heriotzen datuak. Urtarrilaren 4tik 10era bitartean,  36 hildako egon dira erkidegoan. Abenduko datuekin alderatuta, behera egin du zenbatekoak. Datu metatuari erreparatuta, Hego Euskal Herrian 4.174 pertsona hil dira martxotik hona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak