Neurri berriak asteazkeneko 00:00etan, hilak 13, jarriko dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan: lurralde historikoaren konfinamendua ezarriko du Jaurlaritzak, eta 100.000 biztanleko 500etik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrietan udal-konfinamendua aplikatuko da; gainera, oraingoan, alboko udalerrirako igarobidea salbuetsita geratzen da kasu guztietan. Konfinamendu perimetrala bete beharko duten herriak astelehen eta eguenetan zehaztuko dituzte –orain arte ostalaritzako establezimenduekin egin duten moduan–.
Bestetik, intzidentzia-tasa altuak erregistratzen diren udalerrietan, 150m2-tik gorako merkataritza-establezimenduetako edukierak %40ra murriztuko dira eta azalera txikiagoa dutenen kasuan, % 60ra. Horrez gain, udalerri horietan, taldeko kirol-jarduera ere etenda geratu beharko da.
Neurri malguagoak, gainerako herrietan
500etik beherako intzidentzia-tasa duten herriek eskola-kiroleko entrenamenduak egiteko baimena izango dute; betiere, sei pertsonako taldeetan egiten bada, eta aldagelak erabiltzen ez badira.
Bestalde, profesionalak ez diren dantza taldeen entseguak ere baimentzea erabaki du Jaurlaritzak, eta joko eta apustuen sektorea berriz irekitzeko aukera ere emango du (edukiera eta ordutegiak ostalaritza-sektoreari aplikatzen zaizkion modukoak izango dira).
Aldatu ez direnak ere bai
Jaurlaritzak orain arte indarrean zauden neurriak ere mantenduko ditu: gehienez sei laguneko taldeetan batzea, EAE perimetralki ixtea, mugigarritasuna 6:00etatik 22:00etara mugatzea, merkataritza- eta kultur-jarduerak 21:00etan amaitzea, tabernak 20:00etan itxi eta 6:00etan zabaltzea eta profesionalak ez diren kontzertu eta entseguak debekatzea.
60ko intzidentzia-tasa, jomugan
LABIren Batzorde Teknikoak uste du intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60ra murriztea komeni dela eta herritarrek hori lortzeko konpromisoa hartu behar dutela: "Guztion onerako egin dezakegu, guztion artean".
Bestetik, Sagardui Osasuneko sailburuak adierazi du gizarteak "konpromiso zibikoa" erakutsi duela Gabonetan: "Aintzatespena eta esker ona merezi du. Era berean, jarrera arduragabe bezain minoritarioek osasun publikoari eragiten dioten kaltea gaitzestea eta salatzea merezi dute".