Zuzeneko arte diziplinei, beharrezko bultzada

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 9a, 16:00
Sara Zozayaren kontzertua, astelehenean, Arrasateko Amaia antzokian.

Kultura sustatzeko, agertokietara itzultzeko, erritmoa berreskuratzeko, sormena bultzatzeko eta zuzeneko arteekiko ilusioa partekatzeko Beste bat! egitasmoaren barruan, hainbat arte-diziplinatako 250 emanaldi baino gehiago izango dira.

Euskal Herriko Musika Bulego elkarteak (Musika Bulegoak), Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, Beste bat! Zuzeneko Arteen Zirkuitua ekimena jarri zuen abian azaroan, kultura sustatzeko, agertokietara itzultzeko, erritmoa berreskuratzeko, sormena bultzatzeko eta zuzeneko arteekiko ilusioa partekatzeko. Martxora arte egitarau zabala izango da hainbat areto eta antzokitan, eta bailaran egongo den eskaintza ere paregabea da.

"Deialdi irekia egin zen Euskadiko musikarientzat, antzerkilarientzat, bakarrizketak egiten dituztenentzat… Sortzaile guztiei zuzendutakoa. Izena eman zutenekin zerrenda bat osatu, eta kontzertu aretoei eta Sarea ekimenaren barnean dauden areto zirkuituari bidali zitzaien. Hala, bertako programatzaileek aukeraketa bat egin zuten, eta egitarau orekatua antolatu da", adierazi du Arkaitz Villarrek, Musika Bulegoko proiektuen arduradunak. Gaineratu du "pozarren" daudela egitasmo horrekin, agertokiek, antzerkiek eta aretoek erritmoa berreskuratuko dutelako. "Pandemiaren ondorioz kaltetuak izan diren zuzeneko arteak berpizteko bide ematen du ekimenak".

Hainbat arte-diziplinatako 250 emanaldi baino gehiago eskainiko dira Beste bat! zirkuituaren barruan. Gehienak musika-kontzertuak izango dira (% 80), baina antzezlanak, dantza-ikuskizunak eta zirku-funtzioak era badira egitarauan. Bizkaiko, Arabako eta, batez ere, Gipuzkoako areto eta antzokietan izango dira horiek. Bestalde, aipagarria da emanaldien % 70 baino gehiago euskaraz izango direla.

Bailaran proposamen ugari

Herriz herriko programazioa aztertuta, orekaren izenean banatuta dagoela egitaraua ere azpimarratu gura izan du Villarrek. Gaineratu du musika emanaldietan, bereziki, ibilbide luzeko zein laburragoko izenek osatzen dutela egitaraua. "Oñatin, Mila Modu herriko taldeak emanaldia eskaini zuen abenduaren 30ean, eta urtarrilaren 21ean, berriz, Zetak taldea izango da, esaterako. Arrasaten, adibidez, Sara Zozaya izan zen astelehenean, Amaia antzokian; abeslari berria da. Eta aurrerago, Nogen taldea izango da, eta Eñaut Elorrieta musikaria. Bergarako Seminarixoa aretoan, berriz, Ruper Ordorika izango da urtarrilaren 21ean eta otsailaren 18an, berriz, Idoia Asurmendi aramaioarra, besteak beste. Orekatuta dagoela egitaraua esango nuke, eta garrantzitsua da hori. Gainera, Debagoienean izango diren emanaldiez gainera, bertakoak diren taldeek ere eskainiko dituzte emanaldiak, nahiz eta, agian, bailaratik kanpo izan. Esate baterako, Arkada Social talde arrasatearrak Bermeon eskainiko du kontzertua hilaren 16an".

'Beste bat!' ekimeneko saioak bailaran

Sarrerak ekimenean parte hartzen duten aretoetan erosi behar dira.

Urtarrilak 10

• Goazen 7.0! Oñatiko gaztelekuan, 17:00etan eta 19:00etan.

Urtarrilak 21

• Olatz Salvador Aretxabaletako Arkupen, 19:00etan.

• Ruper Ordorika Bergarako Seminarixoan, 19:00etan.

• Zetak Oñatiko gaztelekuan, 19:00etan.

Urtarrilak 25

• Nogen Arrasateko Amaia antzokian, 19:00etan.

Otsailak 4

• Korrontzi & Xabier Amuriza Aretxabaletako Arkupen, 19:00etan.

• Olatz Salvador Bergarako Seminarixoan, 19:00etan.

Otsailak 8

• Eñaut Elorrieta Arrasateko Amaia antzokian, 19:00etan.

Otsailak 11

• Hezurbeltzak Aretxabaletako Arkupen, 19:00etan.

Otsailak 18

• Idoia Asurmendi Bergarako Seminarixoan, 19:00etan.

Otsailak 22

• Oreka TX Arrasateko Amaia antzokian, 19:00etan.

Beharrei erantzuna emanez

Balorazioa egiteko goiz den arren, Villarrek adierazi du orain artekoarekin pozik daudela, eta, egoera zein den ikusita, pilula bat dela egitasmoa, sortzaile eta kultura-zale guztiei laguntzeko aurrerapauso bat: "Jendea ondo erantzuten ari da, eta zuzeneko arteak eskaintzen dituztenek ere ondo hartu dute ekimena. Kultura segurua dela ikusi dugu, eta sortzaileek, artistek eta beraien atzean lan egiten duten guztiek asko eskertu dute. Gainera, talde berriak ezagutzera eramateko bide ere ematen du proiektuak. Behar bat dagoela ikusi da, eta aurrerago ikusiko dugu… baina garrantzitsua izango litzateke proiektuak jarraitzea".

Informazio gehiago jasotzeko

Zirkuituari buruzko informazio ofiziala eta agenda eguneratua www.beste-bat.eus webgunean daude ikusgai. Ikuskizunetarako sarrerak, bestalde, Beste bat! ekimenean parte hartzen duten aretoetan erosi behar dira

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak