Elurrak eta paisaia zuriek ez dute alde egin nahi

Xabi Gorostidi 2021ko urt. 8a, 09:05

Lagun bat Udaletxetik behera, eskiekin salto ikusgarria egiten. (Argazkia: A. Aranzabal)

Aspaldiko partez, zuri koloreko Gabonak izan dira Debagoienean; mendateetako lehen malutak herrietara iritsi ziren, eta asko izan dira paisaia zuriez gozatu dutenak. Asteburuan hala jarraituko du, zero azpiko tenperaturak espero baitira bailaran.

Sare sozialak elurrez jositako argazkiekin bete dira, eta elurra izan da azken asteetako protagonista nagusi. Leku batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, baina bailarako herri guztiak zuri kolorez bete dira. Elgetan, esaterako, urtarrilaren 2an 10 zentimetro elur pilatu ziren, eta, bi egun geroago, 19 zentimetroko elur-geruza pilatu zen Domingo Iturbe kalean bertan.

Aisialdi zuria

Opor egunak izanda, asko izan dira berokiak hartu eta elurraz gozatzeko hautua egin dutenak; asteburuan eta Errege egunean, batez ere. Asko dira eskiatzea gustuko duten debagoiendarrak. COVID-19aren bueltan ezarritako mugikortasun mugak direla eta, ohiko eski pistetan aritu gabe zeuden gehienak, baina egunotan botatako elur kopuruarekin elur gosea asetzeko aukera izan dute, urrutiraino joan gabe. Urbian eta Udalatxen, adibidez, lagun ugari aritu dira snow taulekin eta eskiekin, Formigalen egongo balira bezala.

Arazoak errepideetan

Ohi bezala, elurrak hainbat zailtasun eragin ditu errepideetan, eta elurra kentzeko makinek ez dute atsedenik izan. Urtarrilaren 3an, adibidez, Arantzazu eta Elosua itxita egon ziren, izotzagatik, eta gainontzeko errepideetan kontuz gidatzeko gomendioa egiten zuen Trafiko Sailak.

Elgetan, adibidez, autogidari ugarik arazoak izan zituzten joan den asteburuan. Buelta eman ezinda aritu ziren asko, beste batzuek kateak ipini behar izan dituzte, sartutako zuloetatik ateratzeko, eta beste asko ez atzera ez aurrera gelditu ziren, tresna egokirik gabe aritzegatik. Antzeko irudiak Udalan ere, non une batzuetan errepidea moztu egin zuten auto pilaketak ez areagotzeko.

Zero azpitik asteburuan

Euskalmeten aurreikuspenen arabera, zero azpiko tenperaturak izango dira, eta elurra egitea ere aurreikusten da; batez ere, domekan eta astelehenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak