Arrasate zonalde gorritik irten da eta ostalaritza zerbitzuek ateak zabaldu ahalko dituzte bihartik

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 4a, 12:50

Arrasateren intzidentzia-tasa 480,03 da gaur, eta ondorioz, zonalde laranjara igaro da. Hala, tabernek eta jatetxeek ateak zabaltzeko aukera izango dute. Aretxabaletako eta Eskoriatzako ostalaritza zerbitzuek, ostera, itxita jarraitu beharko dute.

Jaurlaritzak azaroan erabaki zuen ostalaritza zerbitzuak ixtea beste hainbat neurrirekin batera COVID-19 gaitzaren hedapena geldiarazteko asmoarekin; azaroaren 7an sartu zen indarrean dekretua. Handik hilabete pasatxora, abenduaren 12an, neurriak berrikusi zituen LABIk eta zabaltzeko aukera eman zien tabernei eta ostalariei, zonalde gorrian zeuden herrietakoei izan ezik. Arrasateren intzidentzia-tasa (azken 14 egunetan COVID-19aren kasu positiboen tasa metatua) 500etik gorakoa izan da gaur arte, eta ondorioz, ia bi hilabete izan dituzte ateak itxita bertako ostalariek.

Aretxabaletaren kasuan abenduaren 12an zabaldu zituen ateak, baina ondoren, igo egin zen intzidentzia-tasa hori eta abenduaren 17an itxi beharrean izan ziren berriro. Gaurko datua 663,84 da. 5.000 biztanletik gorako herrien artean zonalde gorrian daude beste honako hauek ere: Beasain eta Lazkao, Gipuzkoan; eta Arrigorriaga eta Bermeo, Bizkaian. 

5.000 biztanletik beherakoen artean Eskoriatza

5.000 biztanletik beherakoen artean, Eskoriatzan, esaterako ostalaritza zerbitzuek itxita jarraituko dute, Ataunen eta Olaberrian, legez. Kasu honetan honako irizpideak erabiltzen dituzte ateak itxi edo zabaldu erabakitzeko: intzidentzia-tasa (Eskoriatzan: 853,03); osasun eremuko intzidentzia-tasa (Debagoienean: 700,83); eta COVID-19aren kasu positiboen kopurua azken zazpi egunetan bi baino gehiago izatea (Eskoriatzan, 29).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak