Aurreikuspenek iragarri bezala, ibarreko herrietan elurra mara-mara bota du bart gauean zehar. 200 eta 400 metrotako altitudeen artean zegoen iragarrita, baina 100 metrotan ere bota du, Bergaran (110 metro) ateratako argazkiak erakusten duen moduan.

Euskalmeten arabera, eguerdiko 15:00ak arte mantenduko da alerta laranja; ondorengo orduetan alerta horia dago ezarrita, egunak iraun bitartean, Kantauriko isurialdean prezipitazio txiki eta ertainak eta txingor-ekaitzak iragarrita daudelarik. Tenperaturek gradu bat eta bost graduren artean markatuko dute egunean zehar.
Kurtzeta eta Arantzazuko errepideak, itxita
EAEko trafikoaren inguruko informazioen arabera, Segurtasun zerbitzuek itxi egin dute Aramaio eta Legutio arteko Kurtzetako mendatea, goizeko 8:34ean, elurraren ondorioz.
Bestalde, Oñatiko Udaltzaingoak GOIENAri azaldu dio Arantzazuko mendatea itxita dagoela momentuz, Txopekuatik gorako bidean. Diputazioaren eskumena da errepide hori eta Ertzaintza arduratuko da berriz irekitzeaz.
Ibarreko beste bi portutan, Udanan -Oñati- eta Pagatzan -Elgeta- esaterako, ibilgailuen gurpilei kateak jartzeko gomendioa luzatu dute. Beste mendateetan, Arantzazun, Deskargan, Gatzagan eta Kanpanzarren kasu, kontu handiz gidatzeko deia luzatu dute, Eskoriatzako AP1 autobidean eta Arrasate eta Eibar arteko saihesbidean bezala.
Gauean zehar bi luizi gertatu dira Elgetako eta Aramaioko errepideetan, eta trafikoa gelditu behar izan dute.
Elurra kentzeko makinak lanpetuta aritu dira gauean zehar, eta arratsaldera arte gutxienez errepideetan pilatutako elurra kentzen ibiliko dira.