Gipuzkoan 189 positibo atzeman dituzte azken orduetan

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 31a, 13:22

Hego Euskal Herrian 645 positibo baieztatu dituzte atzo egindako probetan: 64 Araban, 189 Gipuzkoan, 241 Bizkaian, 137 Nafarroan eta beste erkidego batzuetako 14 kasu. EAEko positibotasun tasak goranzko joerarekin jarraitzen du eta %6,1 da; Nafarroakoak, ostera, behera egin du eta %5,5 da gaur gaurkoz.

EAEn 8.324 proba egin zituzten atzo eta horietatik positiboak izan dira 508, hau da, %6,1 (atzoko positibotasun-tasa %6 izan zen). Nafarroan, ostera, egindako 2.473 probetatik, 137 izan dira positiboak, %5,5 (atzokoa, %7,4).

Ospitaleen egoerari dagokionez,  COVID-19aren ondorioz 28 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 79 pertsona daude ZIUetan.

Udalerrietako datuak astelehenean eguneratuko dituztela adierazi dute Osasun Sailetik.

Ostalaritza itxita Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan

Ostalaritzari dagokionez itxita jarraituko dute Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako zerbitzuek, horien intzidentzia tasak honakoak direlako hurrenez hurren 793,36; 690,34; 787,21.

Horiekin batera, tabernak eta jatetxeak itxita dituzten EAEko gainerako herriak dira Azpeitia, Beasain, Arrigorriaga, Bermeo eta Ataun; azken hori 5.000 biztanletik beherakoen artean dago Eskoriatza bezala. Leintz Gatzagan, ostera, bihartik zabaldu ahal izango dituzte.

Etxeratze-agindua 00:30ean EAEn, eta 23:00etan, Nafarroan

Urte zahar eguneko etxeratze-agindua 00:30ean dago ezarrita EAEn, eta, gaurko eta biharko familia ospakizunetan gehienez sei lagun elkartu ahal izango dira. Gainera, senideei bisita egiteko bi egun horietan bakarrik irten ahal izango da EAEtik. Horrez gain, saltokiek, merkataritza-guneek, tabernek eta jatetxeek 18:00etan itxi beharko dituzte ateak (gasolindegiak, zerbitzuguneak eta farmaziak izan ezik) eta ezingo dira hurrengo eguneko 09:00ak baino lehen zabaldu.

Nafarroan, ostera, 23:00etan ezarri dute etxeratze-agindua gaur gauerako, eta mugek itxita jarraituko dute foru komunitatean. Familia topaketatan gehienez bi bizikidetza-unitatetako sei lagun elkartu ahal izango dira.

Zuhurtziaz jokatzeko deia

Bingen Zupiria bozeramaileak gaur goizean egindako adierazpenetan "zuhurtzia" eskatu du Gabon Zahar egunerako: "Kontuz ibiltzeko eguna da. Urte oso gogorra izan da; datozen hilabeteak ere gogorrak izango dira. Zenbat eta zuhurrago jokatu gaur, bihar, Errege bezperan eta egunean, berme gehiago izango dugu datozen aste eta hilabeteetan lasaiago bizitzeko".

Erantzukizun nagusia norberarena dela gaineratu du: "Badakigu zeintzuk diren arauak. Badakigu osasun sistema prest dagoela behar izanez gero laguntza emateko, baina erantzukizun handi bat daukagu gure jokabidearekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak