Lehendakariak azaldu duenez, LABIren hurrengo bilera urtarrilaren 11n izango da, ezustekorik ezean. Hortaz, momentuz behintzat, ez da aldaketarik egongo hilaren 22an iragarritako neurrietan.
Gogoan hartzekoak
Abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitartean, urteari agurra eta sarrera emateko bazkariak eta afariak ezingo dira sei lagunetik gorakoak izan. Bestetik, bihar, merkataritza, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak 18:00etan itxiko dira –farmaziak, zerbitzuguneak eta gasolindegiak salbu–, eta urtarrilaren 1ean, ezin izango dira 09:00ak baino lehenago ireki. Bestetik, Urtezahar-gauean, etxeratze-agindua 00:30ean dago ezarrita.
Bukatzeko, kotilioiak edo antzekoak egitea debekatuta dago hotel, landetxe, kanpin edo beste edozein establezimendutan, eta horrekin lotuta, kanpinen kasuan, debekatuta dago abenduaren 28a baino lehen ostatu hartu ez duten bezeroak onartzea.