40 positibo berri bailaran, baina Bergara, laranjatik horira

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 30a, 22:00

Kasu berrien gorakada hauteman da azken orduetan Debagoienean; herenegun baino 22 kasu gehiago atzeman dira. Halere, udalerri batzuetan, egoerak hobera egin du; horren adibide da Bergara, "gune horira" igaro baita.

Guztira, atzo egindako probetatik, 40 kasu berri hauteman dira bailaran: hamazazpi Arrasaten, zazpi Aretxabaletan, seina Eskoriatzan eta Oñatin, bi Elgetan eta bana Antzuolan eta Bergaran. Hala, azken positiboak batuta, 4.606 herritarrek hartu dute gaitza dagoeneko Debagoienean.

Aurreratu bezala, kasu berriak erregistratu diren arren, herri batzuen intzidentzia-tasa jaitsi egin da azken orduetan. Bergaren kasua da azpimarragarriena, izan ere, 300en azpitik kokatu da (259,93) eta hortaz, Osasun Saileko semaforoan "gune horira" igaro da.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

57 heriotza astebetean

Osasun Sailak azken asteko heriotzen datuak jakinarazi ditu gaur: abenduaren 21etik 27ra bitartean 57 hildako egon dira EAEn. Azken asteetako zenbatekoekin alderatuta, jaitsiera nabarmena da; aurreko astean, 93 izan baitziren erkidegoan zendutakoak. Era berean, pertsona bat hil da azken orduetan Nafarroan. Hala, pandemia hasi zenetik, 4.002 lagun hil dira Hego Euskal Herrian.

Positibo berriei dagokienez, 8.657 proba diagnostiko egin zituzten atzo, eta %6k eman zuen emaitza positiboa; hortaz, 0,7 igo da positibotasun-tasa. Guztira, 517 kasu berri baieztatu dira erkidegoan: 216 Bizkaian, 207 Gipuzkoan, 88 Araban eta sei bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Nafarroan aldiz, 1.751 proba egin zituzten atzo, eta 130ek eman dute emaitza positiboa. Azken datu hori, azken 30 egunetako daturik okerrena da. Azken orduetako emaitzen ostean, Nafarroako positibotasun-tasa %7,4 da.

57 pertsona gehiago ingresatuta

Ospitaleei erreparatuta, 57 lagun ingresatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian: 52 EAEn eta bost Nafarroan. Azken datu horiek azken egunetakoa baino dezente altuagoak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak