EAEko ekonomiak aurten galdu duen guztia berreskuratzeko 2022ra arte itxaron beharko da

Txomin Madina Milikua 2020ko abe. 28a, 13:28

Confebaskeko ordezkariak gaur egin duten agerraldian; erdian, Eduardo Zubiaurre presidentea.

Confebasken arabera EAEko ekonomiak aurrekari gabeko atzeraldia sufritu du 2020an, BPG-ean %9,2ko jaitsierarekin. 2021ean euskal ekonomia %7,2 igoko dela aurreikusten dute. Langabezia tasa, bestalde, datorren urtean %11aren bueltan kokatuko dela aurrikusten dute, aurtengo antzera.

Confebaskeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Bilbon 2020ko koiunturaren eta 2021eko aurreikuspenen inguruko txostena aurkezteko. Azaldu dutenez, 2020an EAEko ekonomiak inoizko atzeraldirik handiena sufritu du: BPG-a, esaterako, %9,2 jaitsiko dela aurreikusten dute. Zehaztu dute Espainiako ekonomian baino gutxiago izango dela hori, baina Europan baino gehiago. Zentzu horretan, aurtengo itxierarako Gizarte Segurantzan 22.000 afiliatu gutxiago egongo direla aurreikusten dute; Lanbiden %16 langabe gehiago egongo direla; eta langabezia tasa %11,3koa izango dela.

“Urtearen itxieran %16 langabe gehiago egongo da Lanbiden. Aitzitik, aurreko krisian, EAEn erregistratutako langabezia %30 eta 535 artean hazi zen, hau da, oraingoan halako bi”, azaldu du Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek, eta gaineratu “Enpresa kopuruari dagokionez, berriz, gaur otsailean baino ia 1.500 enpresa gutxiago ditugu. 2009an edo 2012an izandakoaren antzerako kopurua da, baina orain orduan baino atzerapen askoz handiagoarekin”.

Sektoreka, Confebasketik diote gehiago edo gutxiago baina denek nozitu dituztela COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioak, baina gehien sufritu dutenak mugikortasunari, kulturari eta aisiari lotutako zerbitzuak izan direla gaineratu.; baita eraikuntza eta industria ere Era berean, esportazioek kalte handia izan dutela ere nabarmendu dute.

2021rako aurreikuspenak

2021era begira jarrita, Confebaskek aurreikusten du EAEko ekonomia %7,2 igoko dela nahiz eta ez den nahikoa izango aurten galdutakoa berreskuratzeko. Horretarako 2022ra itxaron beharko dela gaineratu dute euskal patronaleko ordezkariek, “euroguneko herrialdeekin gertatzen denarekin batera eta Espainiako ekonomiarako aurreikusten dena baino urtebete lehenago”. Dena den, pandemiaren etorkizunari buruz dagoen “ziurgabetasun handia” aipatuta, EAEn espero den hazkundearen urkila %5 eta %8,5 artean egon daitekeela gaineratu dute.

2021ean sektore guztiek “hobekuntza nabarmena” izango dutela aurreikusten dute, nahiz eta aisiari eta turismoari lotutakoak geroago abiatuko diren. Enpleguari dagokionez, espero da enpresak 2021ean orain arte galdutakoaren zati bat berreskuratzen hastea, baina erritmo “motelean” oraindik ere. Hala, aurtengo itxierarako aurreikusten den %11ren bueltan geratuko dela azaldu dute.

“2021 urte konplikatua izango da oraindik ere, hainbat faktore nabarmentzen direlarik. Horien artean daude olatu berrien agerraldi posibleak eta ondorioz jardueren murrizketak, pandemiaren eta txerto prozesuaren bilakaera, AEBetako administrazio berriaren norabidea, Brexitaren irtenbidea edo Europako Next Generation funtsaren inpaktua”,  zehaztu dute Confebaskeko ordezkariek. Hurrengo urteak “erronka handiak” planteatuko dituela ere gaineratu dute: “Krisitik ateratzeko beharrezko esperientzia eta tresnak ditugu, eta horretarako, ziur gaude, konpromisoa, erantzukizuna eta ahalegin kolektiboa eta indibiduala beharko dira”

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak