Eusko Jaurlaritzako hiru sailek garatu dute egitasmoa: Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Hezkuntza Sailak eta Gobernantza Publikoa eta Autogobernu Sailak. Itzuli+ da erreminta berriaren izena, eta dagoeneko 3.700 erabiltzaile inguruk deskargatu dute.
Itzuli+ Firefox eta Chromerako sortu da, eta automatikoki lotzen da Itzuli itzultzailearekin. Funtzionamenduari dagokionez, kalitatezko itzulpenak egiteko aukera ematen du, bai euskaratik gaztelaniara, bai gaztelaniatik euskarara eta baita euskaratik frantsesera edo ingelesera –eta alderantziz– ere. Nolanahi ere, tresna berria harago doa: edozein web orritako testuak itzuli eta irakurri egiten dizkio erabiltzaileari. Sailetako ordezkariek azpimarratu dutenez, hainbat pertsonarentzako lagungarria da hori: "Ikusmen-urritasuna edo dislexia duten pertsonentzat aukera interesgarria ematen du".
Itzulpenak egiterakoan, giza garunaren funtzionamendua imitatzen duela azaldu Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, eta tresna "oso erabilgarria" dela: "Hemendik aurrera sekulako aukera garatu ahal izango da. Euskarak hor egon nahi badu, halako tresnei esker izango da (…). Ez dago aitzakiarik euskara ez erabiltzeko".
41.158.630 itzulpen orain arte
2019ko urrian abiarazi zuten Itzuli, eta Xabier Patxi Arrieta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendariak esan duenez, "erabilera zabala" izan du herritarren artean. Datuei erreparatuta, lehenengo urte honetan, 41.158.630 itzulpen edo kontsulta izan ditu. "Azaroan bost milioi kontsultatik gora egin ziren, baina itxialdiko hilabetean, zazpi milioitik gora, hilabete bakarrean", zehaztu du.
Bestetik, Arrietak azaldu du, denbora honetan, itzultzailearen kalitatea hobetzeko lanean jardun dutela: hizkuntzak gehitu, hiztegia zabaldu, tresna berria garatu… Datu-base terminologiko eta linguistiko "zabala" lortu dutela adierazi dute sailetako kideek.