Lau milioi bisitatik gora jaso ditu 'Goiena.eus'-ek 2020an zehar

Itziar Larrañaga Sarasola 2021ko urt. 2a, 09:59

Kazetari bat 'Goiena.eus'-i begira.

Goiena Komunikazio Taldearen 20. urteurrenean langa ugari gainditu ditu webguneak, 2019ko datuak nabarmen hobetuz. 2020an zehar 4.000.000 sesio baino gehiago egin dituzte Goiena.eus-eko erabiltzaileek, eta bisita horietan 10.000.000 orrialdetik gora ikusi dituzte. Erabiltzaileak ere, 700.000tik gora izan dira. 

Urte zaila izan da 2020a; osasunak gainontzeko arlo guztietan eragin du bete betean. Elkar zaintzak inoiz baino pisu handiagoa hartu du eta gertukoak garrantzia irabazi. 

Hala izan da Goiena.eus-en kasuan ere, koronabirusaren azken ordukoek eta eguneroko datuek markatu dute eguneroko agenda. Debagoiendarrek Goienak eskainitako gertuko informazioan erakutsitako interesa eta konfiantza altua izan da, eta hori aise nabaritu da 2020an webguneak lortu dituen datuetan: erabiltzaileak, saioak, orrialde bisitatuak… Denak egin du gora, oso modu nabarmenean. 

2019an zazpi milioi orrialde bisitatu zituzten Goiena.eus-eko erabiltzaileek, 2020an ia hamaika izan dira guztira. Erabiltzaile kopurua ere, 200.000 altuagoa izan da. Webguneak guztira jasotako bisita kopurua 2019ko 2.800.000etik 4.400.000era igo da. 

Bisita gehien jaso dituzten atalak

Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, webgunean egunero eman diren datuak izan dira zalantza barik interes handiena piztu dutenak. Eta hilabete dezente igaro diren arren, ia egunero albiste irakurriena izaten jarraitzen du. Hala, koronabirusari lotutako bi atal bereziak; Koronabirusa Debagoienean eta Koronabirusaren azken datuak (grafikoen orrialdea), urteko hamar orrialde ikusienen artean kokatzen dira.

Debagoieneko herriei dagokionez, Oñatik jarraitzen du beste urtebetez lehen postuan. Jarraian, Bergara, Arrasate eta Aretxabaleta daude; hau da, Debagoieneko lau herri handienak. Gainera, Arrasatek eta Aretxabaletak nabarmen gora egin dute. 

Gainerako orrialdeei dagokienez, zorion agurrak eta eskelak ere hamar bisitatuenen artean sartu dira. Eta ez hori bakarrik, hauek ere gora egin dute, %70 eskelak eta %20 zorion agurrak. 

Zenbaki borobilak sare sozialetan

Webgunean ez ezik, sare sozialetan ere igarri du gorakada Goienak. 2020an zehar 5.000 erabiltzaileko langa gainditu du Twitterreko Goiena Albisteak kontuak, eta Instagramen ere 3.000 jarraitzailetara heldu da abenduan. 

Era berean, mugikorrean Goiena.eus-eko albisteak Whatsapp eta Telegram bidez doan jasotzeko zerbitzuak ere igoera nabarmena izan du 2020an zehar. 2019ko harpidedunak ia hirukoiztera helduz. Zerbitzu hau aktibatzeko Telegramen @GoienaAlbisteak kanalera batu behar da, Whatsappen aldiz, ALTA hitza bidali behar da 688 69 00 07 zenbakira.        

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak