Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko aurrekontua %4,2 handitzea proposatu dute

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 23a, 17:39

COVID-19aren ondorioei aurre egitea, euskalgintza eta kulturgintzako ikerketak garatzea eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunean lan egitea dira, besteak beste, Sailak aurkeztu dituen helburuak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailera ere aurten baino diru gehiago joango da 2021ean; hala proposatu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Zehazki, 289.870.000 milioi  euroko aurrekontua aurkeztu dute; 2020koa baino %4,2 zabalagoa da. 

Bingen Zupiriaren arabera, 2021eko erronkei "baldintza egokietan" aurre egitea ahalbidetuko du egin duten proposamenak. Guztira, bost ardatz nagusi ditu aurrekontuak:  COVID19aren ondorioei aurre egitea; euskalgintzaren eta kulturgintzaren ezagutzan sakontzeko ikerketa-lanak eta berrikuntza-planak garatzea; kulturgintzari eta euskalgintzari lotuta eraldaketa digitalerako urrats irmoak ematea; arlo horietako erakundeekiko eta eragileekiko lankidetza sendotzea; eta, bukatzeko, gizon eta emakumeen berdintasunean sakontzeko ekimenei jarraikortasuna ematea.

Arlo bakoitzerako, hainbat proposamen

3,1 milioi euro bideratuko dira koronabirusaren ondorioak arintzeko –eta horretarako zeharkako laguntzak emango direla aurreratu du Zupiriak–. Bestetik, 59,8 milioi izango dira kultura arloarentzat, 64,9 milioi Hizkuntza Politiketara bideratutakoak eta azkenik, 10,9 milioi Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren alorrarentzat.

Kulturari dagokionez, aurrekontuak zehazten du, adibidez, musika munduko deialdietara 1,1 milioi bideratuko direla eta kultura produktuen promoziora eta komertzializaziora, 510.000 euro. Bestalde, euskararen indartzeari dagokionez, "ezagutza areagotzea, erabilera sustatzea eta hori lortzeko gizartea aktibatzea" dira Sailaren asmoak, eta aurreratu dute Arlo Sozioekonomikorako Euskararen Planari lotutako aurrekontua 400.000 eurokoa izango dela. Bukatzeko, jarduera fisikoari eta kirolari lotuta, "bizitza-ohitura osasungarriak" eta "berdintasuna" sustatzea nahi dutela adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak