Ahal beste dortsal eta 8.000 kilometro, kultura etxea egiteko Senegalen

Julen Iriondo 2020ko abe. 23a, 09:15

Jokin Uribetxeberria, bost eurotan dortsala eskuratu eta mendi buelta eginda, kilometro ekarpena egiten aurrenekoetakoa.

Dionewar herrian eraikitzen ari diren kultura eremua finantzatzeko da ndank ndanken ekimena. Lagundu nahi dutenek oinez, korrika edo bizikletaz egiten dituzten ibilaldiak erregistratuko dituzte, aurrez bost eurotan dortsala eskuratuta.

8.000 kilometro, Senegal eta Euskal Herri arteko joan-etorriak dituen beste; Dionewar herriarekin lanean diharduen Ndank Ndank elkarteak erronka horixe jarri du, elkartasun keinua egin nahi duten herritarrekin batera osatzeko.

Ekimen solidarioan parte hartu nahi dutenek ndankndank.kinendu.com helbidean eskuratu behar dute dortsala –bertan daude egitasmoaren gaineko azalpenak ere–, bost eurotan, eta, izena emanda, ibilaldia egitera doazenean mugikorreko aplikazio bidez berau erregistratu baino ez dute egin behar, parte-hartzaile guztien kilometro kopuru orokorrari bakoitzarenak gehitzeko, helburu jarritako 8.000 horietara bidean.

Domekan hasi zen erronka, eta urtarrilaren 10era arte iraungo du; tarte honetan, edozein momentutan egongo da izena emateko aukera –astelehen gauerako, 434 partehartzaile ziren–. Ekimena are gehiago ikustarazteko, parte-hartzaileek argazkiak sare sozialetan jartzeko #zubiaindartzen traola sortu dute; parte hartzen dutenen artean Senegalgo hainbat material zozkatuko dute. Bestalde, parte hartu nahi ez baina Dionewarko kultura eremuaren eraikuntzarako ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenek 679 32 42 99 zenbakian egin dezakete, Bizum bidez, edo kontu korronte honetan: ES58 2095 5070 7091 1939 4823.

Urrian hasi ziren Dionewarko kultura eremua egiteko lanak. Lehen eraikinarekin hasi ziren, baina hori beste batzuekin osatzea da asmoa; honela dio Ndank Ndank elkarteko Eli Dominguezek: "Lehen eraikina izango da espazio bat bertako kultura, hizkuntzak, tradizioak... lantzeko. Baina ez dugu horretan geratu nahi; liburutegia, bilera gela, artisau tailerra, artisau denda... egin nahi ditugu. Herriko artisautza berreskuratu nahi dugu, azken urteetan beherakada handia izan duena. Pertsona batzuentzat zuzeneko jarduera ekonomikoa izango da, baina uste dugu, aldi berean, eremu berriak turismo jasangarria erakarri dezakeela irlara, eta herritar guztiak atera daitezkeela irabazten".

Kultura zentroa eraikitzen

Lanen hasiera Urrian hasi ziren lanak kultura zentroa hartuko duen lursailean. Gunearen lehen prestaketa lanak auzolanean egin zituzten bertako herritarrek, eta igeltseroei lekukoa eman zieten gero. Urri amaieran hasi ziren igeltseroak eraikina jasotzen.

Egungo egoera Egitura prest dago. Aspalditxoan Europa eta, ondorioz, zementua erreferentzia izan arren, hango baldintzetara ondoen egokitzen diren materialetara itzuliko dira hormak –lur konprimitu blokeekin– eta teilatua –lastoz– egiteko orduan.

Lehen eraikina Itxura hori izango du kultura zentroko lehen eraikinak. Asmoa da gehiago egitea gero: liburutegia, bilera gela, artisau tailerra, denda eta kantina. Bizilagunei zerbitzua emateaz gain, Dionewarren garapen ekonomikoa laguntzea da helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak