Gipuzkoako moda ardatz duen bailarako proiektua

Jone Olabarria 2020ko abe. 23a, 10:37

Bailaran ekoitzi eta hainbat debagoiendar protagonista dituen 'Kaleak argitzen' dokumentalak Gipuzkoako modak izandako bilakaera aztertu nahi izan du; Bergarako oihalgintza sektoretik, etorkizunean modak izango dituen erronkak zehazteraino.

Donostiako Aquariumean ikusi ahalko da gaur, lehenengoz, Gipuzkoako moda ardatz duen Kaleak argitzen dokumentala. Proiektua garatzeko debagoiendar ugari aritu dira lanean, ideiaren hasierako sorreratik, dokumentala ikusgai egon arte; Mireia Arietaleanizbeaskoa bergararraren eta Ione Oyanguren aramaioarraren ekimenez abiarazitako proiektua da, Ander Gonzalez gasteiztarrarekin batera. Grabaketa eta muntaia lanetan The Badass Project-eko Jone Albeniz eta Ion Andueza bergararrak aritu dira. Dronearekin egindako grabaketak Gorka Ezkurdiaren ardura izan dira.

Azterketa "sakona"

Leinn graduko ikasleak dira Arietaleanizbeaskoa, Oyanguren eta Gonzalez, eta horren baitan jaio zen dokumentala: "Moda proiektu bat ari ginen garatzen, baina itxialdiarekin ezinezkoa izan zen aurrera jarraitzea. Egoera hartan, jakin nahi izan genuen COVID-19ak zer-nolako kaltea sortu dien Gipuzkoako moda sektoreko markei, komertzioei zein ekintzaileei". Hala, gaur egun horiek bizi duten egoera eta "etorkizunean etorriko diren tendentzia edota kontsumo erak" azaleratu nahi izan dituztela azaldu dute.

Debagoienak protagonismoa

Gipuzkoa osoko komertzio, marka eta ekintzaileei elkarrizketak eginez landu dute dokumentala, guztira hamar protagonista dituen ikus-entzunezko pieza. "Gipuzkoan modaren testuinguru historikoa" lantzeko asmoz, hain zuzen, Bergarako oihalgintzaren inguruko artxibo ikerketa ere egin dute. Dokumentalean aztertutako kasu partikularretako bat da, Arrasateko kasuan ere, Maitia marka eta dendaren eredua.

"Lokala eta jasangarria"

Aztertutako kasu partikularretan koronabirusaren eragina "oso kaltegarria" izan dela aitortu dute, baina, hala ere, askori "berrasmatzeko" balio izan diela azaldu dute: "Krisi honek bestelako produktu edo eredu batzuekiko pauso bat ematea ahalbidetu du negozio askotan". Etorkizuneko erronkez galdetuta, jasangarritasuna "tendentzia" izango dela zehaztu dute: "Lokala, jasangarria eta gertukoa izateak berebiziko garrantzia izango du etorkizunean".

Gizartean eragin gura duen proiektua izanik, helburu jakin batzuk ere zehaztu dituzte sortzaileek: "Modaren eta kontsumoaren inguruko balio sozialak, hezitzaileak eta kulturalak helarazi nahi ditu, alternatiba desberdinak eskainiz Gipuzkoan kontsumitzeko eta lanpostu berriak sortzeko. Bertako komertzio, marka eta ekintzaileek babesa eman nahi izan diete".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak