Bederatzi izan dira azken orduetan bailaran atzemandako kasuak

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 22a, 13:07

Kasu berrien beherakadarekin batera, intzidentzia tasak ere leundu egin dira herri guztietan. Eskoriatzan, adibidez, 500etik behera kokatzea lortu dute, eta horrenbestez, egueneko txostenaren zain geratu beharko dira, tabernak ireki ahalko dituzten jakiteko.

Atzo atzemandako kasu berriak bederatzi izan dira, Debagoienean; urriaren 8tik ez da hain zenbateko txikia erregistratu bailaran. Herriz herri, bost izan dira Arrasaten baieztatutakoak, bi Aretxabaletakoak eta bana atzeman dituzte Bergaran eta Eskoriatzan.

Intzidentziari erreparatuta, datuek behera egin dute bailarako herri guztietan, eta horrek egoera berrian utzi du Eskoriatza. Momentu honetan ostalaritzako establezimenduak itxita ditu, baina datozen egunetako intzidentzia 500etik behera mantenduz gero, eguenean argitaratuko den zerrendak tabernak irekitzeko aukera eman diezaioke. Nolanahi ere, bilakaera epidemiologikoaren beste zeinbait alderdi ere behatu beharko dituzte Osasun Saileko kideek erabakia hartzeko.

Mapa honetan daude herri guztietako datuak, eguneratuta:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Intzidentziak behera, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere, herenegungo positibotasun tasaren igoera leundu da: erkidegoan, %6,2tik %4ra eta Nafarroan, %5,8tik %4,7ra. Horrek esan nahi du 9.325 proba egin zirela, eta horietatik 386k eman zutela positibo. 141 izan ziren Bizkaian, 103 Gipuzkoan, 79 Nafarroan, 61 Araban eta bi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Ospitaleetan, ordea, egoera ez da gehiegi hobetu erkidegoan: ZIUn daudenen kopurua jaitsi da, baina ospitaleratzeak igo; azken datuen arabera, 53 lagun ingresatu zituzten atzo, eta 415 daude ospitaleratuta. Horietatik 92 dira ZIUn daudenak. Nafarroan berriz, erietxeetako egoera egonkor mantendu da azken orduetan: lau lagun ospitaleratu dituzte eta orotara 148 lagun daude ingresatuta; horietatik hemezortzi, ZIUn.

LABI Gabonei begira

LABIren Batzorde Teknikoa bildu da goizean eta horrek egindako proposamenak aztertuko ditu 17:00etan Aholkularitza Batzordeak. Pandemiaren bilakaera aztertu da goizean, eta hori kontuan hartuta, Gabonei begira hartutako neurriak moldatuko dituzten edo ez erabakiko dute arratsaldean. Lehendakariak emango du azken erabakiaren berri, bileraren ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak