Hiru egunak kontuan hartuta, 51 positibo atzeman dituzte Arrasaten, hamabi Oñatin, bederatzi Bergaran, bost Aretxabaletan, hiru Eskoriatzan eta bat Aramaion. Bestetik, Antzuolan, Elgetan eta Leintz Gatzagan ez da kasu bakar bat ere erregistratu.
Pandemia hasi zenetik 4.416 debagoiendar kutsatu dira; horietatik 81, asteburuan. Egubakoitzean egindako probek 32 kasu baieztatu zituzten; hemeretzi Arrasaten, sei Bergaran, bost Oñatin eta bana Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Zapatukoek berriz, 27 positibo hauteman zituzten: 22 Arrasaten, bi Eskoriatzan eta bana Aramaio, Bergara eta Oñatin. Bukatzeko, atzo egindako probek 22 kasu berri atzeman zituzten: hamar Arrasaten, sei Oñatin, lau Aretxabaletan eta bi Bergaran.
HERRIA | ASTEBURUKO KASUAK | POSITIBO METATUAK | 1.000 BIZTANLEKO |
Arrasate | +51 | 1.971 | 89,36 |
Oñati | +12 | 557 | 49,05 |
Bergara | +9 | 1.021 | 68,05 |
Aretxabaleta | +5 | 386 | 54,38 |
Eskoriatza | +3 | 209 | 51,41 |
Aramaio | +1 | 74 | 49,14 |
Antzuola | 0 | 146 | 66,33 |
Elgeta | 0 | 48 | 42,14 |
Leintz Gatzaga | 0 | 4 | 16,00 |
GUZTIRA | +81 | 4.416 | 68,28 |
Bestetik, intzidentzia tasei erreparatuta, ez da aldaketa esanguratsurik egon 5.000 biztanletik gorako herrietan. Baina txikietan, Elgetaren kasu azpimarratu behar da; izan ere, nabarmen egin du bera datuak: 702,37tik 351,19raino jaitsi da.
Sarreran aurreratu bezala, datuekin batera, ostalaritzaren irekieraz eta itxieraz ohartarazten duen dokumentua ere argitaratu du Jaurlaritzak gaur. Bailarari dagokionez ez dago aldaketarik: Arrasate, Aretxabaleta, Aramaio eta Eskoriatzako tabernek itxita jarraitu beharko dute oraindik.
Bestetik, horrekin lotuta, Jaurlaritzak 5.000 biztanletik beherako herrietan tabernak ixteko hartzen dituen irizpideak jakinarazi ditu. 500etik gorako intzidentzia tasa duten herri txikietan, tabernak ireki ahal izateko, beharrezkoa izango da azken zazpi egunetan bi positibo baino gutxiago erregistratzea.
Intzidentzia datu guztiak daude hurrengo mapan. Gainera, beste bi datu ere gehitu dira: udalerri bakoitzean metatutako heriotzak eta hilgarritasun tasa.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Positibotasun tasaren gorakada, Hego Euskal Herrian
Herenegun, bigarren olatuko positibotasun tasa itxaropentsuena erregistratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoak (%3), baina atzoko datuak gora egin du modu nabarmenean: %6,2koa da. Era berean, Nafarroan %5,8koa izan da azken datua; herenegun baino %1,5 handiagoa.
Positibo berriei dagokienez, 396 kasu berri atzeman dira Hego Euskal Herrian, 6.459 proba egin ostean. 129 Gipuzkoan erregistratu ziren, 118 Bizkaian, 88 Araban, 57 Nafarroan eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Ospitaleetan, berriz, 20 lagun ingresatu zituzten atzo (guztiak EAEn), eta guztira, 562 daude Hego Euskal Herriko erietxeetan; horietatik 115, ZIUn