Atzo egindako probek 38 kasu hauteman dituzte Arrasaten, hamar Aretxabaletan, lau Bergaran, hiruna Antzuolan, Eskoriatzan eta Oñatin eta bana Aramaion eta Elgetan. Herenegun baino 37 positibo gehiago erregistratu dira, eta intzidentzia tasek ere gora egin dute herrietan. Nolanahi ere, momentuz, ez da egoera aldatu semaforoaren sisteman.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Aldaketarik ez, neurrietan
Gaur goizeko 10:00etan bildu da LABIren Batzorde Teknikoa, eta bilakaera aztertuta, neurriak ez moldatzea proposatu dio Aholku Batzordeari. Hala, Gabonei begira, abenduaren 10ean erabakitako neurriak mantentzea iradoki badute ere, oraindik bilakaera "aztertzen jarraitzea" komeni dela esan dute.
Datuei erreparatuta, EAEn atzo egindako PCR eta antigeno proben %3,6k eman du emaitza positiboa: 12.787tik, 465ek, hain zuzen ere. Lurraldeka, 193 izan dira Bizkaian baieztatutakoak, 191 Gipuzkoakoak, 78 Arabakoak eta hiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artekoak. Nafarroan, %3,5ek eman du positibo: 1.850etik, 65ek.
Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datua (batezbeste kutsatuta dagoen pertsona bakoitzak zenbat lagun kutsatzen dituen neurtzen du), 1etik beherakoa da erkidegoan; halere, Gipuzkoan 1,03koa da.
Hego Euskal Herriko ospitaleetan, berriz, 48 lagun ingresatu zituzten atzo, eta guztira 567 daude erietxeetan; horietatik 119, ZIUn.
Bildarratzen balorazioa, ona
Koronabirusaren intzidentzia datuek ikastetxeetan izan duten bilakaerari dagokionez, Bildarratz sailburuak nabarmendu du iraileko lehen astea izan zela gogorrena: 17.554 geletatik (2 urtetik Batxilergora eta Lanbide Heziketara bitarteko mailetan) %1,59 zeuden konfinatuta. Bestetik, ehunekorik txikiena aste honetan bertan erregistratu dela esan du: %0,35 izan dira itxitakoak.