Aretxabaletako eta Eskoriatzako ostalaritza zerbitzuek itxita egon beharko dute bihartik aurrera

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 17a, 12:43

Azken orduetan 26 lagunek eman dute positibo Debagoienean. Horietatik 14 Arrasten atzeman dituzte, sei Bergaran, bina Aretxabaletan eta Aramaion eta bana Oñatin eta Eskoriatzan. Ostalaritza zerbitzuak itxita izan beharko dituzten herrien zerrenda ere eguneratu du Osasun Sailak; Arrasatek eta Aramaiok jarraitzen dute zerrenda horretan eta Aretxabaleta eta Eskoriatza batu zaizkie.

Azken 14 egunetako intzidentzia-tasa da oinarri 5.000 bizilagunetik gorako herrietan ostalaritza zerbitzuak ixteko eta Aretxabaletarena 718,51 da gaur; eguaztenean jasotako 24 positiboek eragin dute gorakada hori. Arrasateren intzidentzia tasa, ostera, 1.146,98 da. Gipuzkoan beste hiru herri daude egoera horretan Azpeitia, Beasain eta Ordizia.

5.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan intzidentzia-tasa metatuarekin batera beste bi irizpide ere kontuan hartzen dituzte:  udalerriari dagokion oinarrizko osasun-eremuan 500etik gorakoa izatea intzidentzia-tasa (Debagoienaren kasuan 671,50 da tasa hori) eta kasu positiboen kopurua azken zazpi egunetan bi baino gehiago izatea. Hori horrela, Aramaioko (929,61 da tasa) zerbitzuek itxita jarraituko dute, eta bihartik, Eskoriatzakoek (516,61 da tasa) ere bai. Horiez gain honako herrietan ere itxita izan beharko dituzte: Segura, Zaldibia, Iruña Oka, Zigoitia eta Zuia.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

 

Hego Euskal Herrian 520 positibo

Azken orduetan 14.402 proba egin dituzte guztira Hego Euskal Herrian (EAEn, 12.572 eta Nafarroan, 1.830), eta 520 positibo atzeman dituzte: Araban 79, Gipuzkoan 138, Bizkaian 177, EAEtik kanpo erroldatutakoak 2 eta Nafarroan, 124.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, EAEn 36 ospitaleratu zituzten atzo, eta gaur gaurkoz 335 daude ingresatuta, horietatik 98 ZIUetan.

LABIa bihar elkartuko da

Gabonei begira zalantzak sortu dira. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioa erkidegoetako ordezkariekin bildu zen atzo, eguaztena, eta Gabonetara begira ezarritako neurriak gogortzeko aukera izango dutela erkidegoek adierazi zien, tokiko egoera epidemiologikoaren arabera. Iñigo Urkullu lehendakariak, bere aldetik, Gabonen aurretik neurriak gogortzea "aukera bat" dela ere esan zuen atzo. Batzorde teknikoa bihar, egubakoitza, elkartuko da pandemiak EAEn duen egoera epidemiologikoa aztertzeko, eta LABIren Aholkularitza Batzordeari helaraziko dio Gabonetarako indarrean dauden neurrietan aldaketaren bat egin behar den edo ez.

Bestetik, Nafarroako Gobernuak malgutu egin ditu COVID-19aren aurkako prebentzio-neurriak eta gaurtik daude indarrean. Hala, hainbat sektoretako edukiera handitu du, ostalaritzako eta joko-lokaletako barnealdea ireki, Gabonetako jai nagusietan mugitzeko baimena eman eta zentro soziosanitarioetako bisitak eta irteerak areagotu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak