Arrasaten egindako baheketak eta Aretxabaletako GSR egoitzan baieztatu diren positiboek isla izan dute gaur Osasun Sailak jakinarazi dituen datuetan. Azken hilabeteko zenbateko handiena da atzoko proba diagnostikoek utzitakoa: 90 positibo egun bakarrean. Arrasate da erkidegoko hiriburuen ostean kasu gehien erregistratu dituena; Donostiak baino bi gutxiago. Hala, guztira, pandemia hasi zenetik 4.246 dira Debagoienean metatutako kasuak. Horrez gain, aipatzekoa da, azken positiboak zenbatuta, 1.000 kasu metatuen langa gainditu duela Bergarak (1.002) eta Eskoriatzak 200 kasuena (202).
Positibo berrien gorakadarekin batera, intzidentzia tasak ere gora egin du, azken kasuak erregistratu dituzten herrietan. Nolanahi ere, aldaketa nabarmenena pairatu duena Aretxabaleta izan da; izan ere, gune gorrira igaro da 760,78ko tasa erregistratu ondoren (herenegun 422,65ekoa zuen). Horrenbestez, irekita zeuden ostalaritzako establezimenduek berriro itxi beharko dituzte ateak. Bestetik, Arrasateko intzidentziak ere gora egin du, beste behin, erkidegoko zenbateko altuena erregistratuz.
Guztira, hiru dira 500etik beherako intzidentzia duten bailarako herriak: Antzuola, Bergara eta Oñati. Kontrara, tasa gainditzen duten 5.000 biztanletik gorakoek (Arrasate eta Aretxabaleta) tabernak itxita izan beharko dituzte, eta herri txikiagoek (Aramaio, Elgeta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga) bihar argitaratuko den zerrendan begiratu beharko dute, ea orain duten egoera aldatuko ote zaien.
Mapa honetan daude herri bakoitzeko datu eguneratuak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herrian, 15.015 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo, eta %4,4k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %5ek Nafarroan; 675 kasu berri atzeman ziren, alegia. Lurraldeka, Gipuzkoan 243 positibo atzeman zituzten, Bizkaian 231, Araban 104, Nafarroan 93 eta bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean lau. Oinarrizko birsorkuntza datuak ere gora egin du: 1,07koa izan zen atzo EAEn (1,13 Araban eta 1,09 Gipuzkoan).
Bestetik, 65 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta azken datuen arabera, 586 dira guztira erietxeetan daudenak; horietatik 122 ZIUn.
99 heriotza, EAEn
Eguaztenero bezala, Jaurlaritzak azken astean COVID-19a dela-eta zendutako pertsonen berri eman du gaur. Abenduaren 7tik 13ra bitartean, 99 lagun hil dira EAEn. Hala, orotara, pandemia hasi zenetik 3.755 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian.