Azpimarratzekoa da, azken orduetan, Eskoriatzako intzidentzia datua hazi egin dela: 516,61ekoa da. Egoera horretan –zenbatekoa 500etik gora mantentzen bada–, eguenean argitaratuko den zerrendari erreparatu beharko diote Eskoriatzako ostalariek establezimenduak itxi beharko dituzten edo ez jakiteko.
Intzidentzia datuekin jarraitzeko, beste egun batez Arrasate da erkidegoko egoera latzenean dagoena, eta bestetik, Aramaiori erreparatuta, datuak behera egin du herenegundik: 796,81ekoa zen herenegun eta atzo, 664,01ekoa.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herrian, atzo 10.606 PCR eta antigeno proba egin ziren, eta 525 positibo hauteman dituzte. Behera egin dute ehunekoek, izan ere, proben %4,8 izan dira positibo eman dutenak EAEn eta %5,8 Nafarroan. Lurraldeka, 176 erregistratu dira Bizkaian, 147 Gipuzkoan, 102 Nafarroan, 95 Araban eta bost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Oinarrizko birsorkuntza datuari dagokionez, ordea, gora egin du, eta 1,03koa da erkidegoan: 1,12koa Araban eta 1ekoa Gipuzkoan.
Bestetik, atzo 49 lagun ospitaleratu zituzten Hego Euskal Herriko erietxeetan, eta guztira, atzora arte, 608 pertsona zeuden ingresatuta; horietatik 122, ZIUn.