64 kasu atzeman dira asteburuan, baina intzidentzietan ez da aldaketa nabarmenik izan

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 14a, 13:18

Azken hiru egunetan 31 positibo baieztatu dira Arrasaten, hamalau Bergaran, zortzi Aretxabaletan, bost Oñatin, bi Eskoriatzan eta bana Debagoieneko gainerako herrietan; baita Leintz Gatzagan ere.

Asteburuan erregistratutako kasu berriak batuta, 4.135 positibo dira pandemia hasi zenetik bailaran hauteman direnak. Horietatik, 1.818 Arrasaten atzeman dira, 986 Bergaran, 532 Oñatin, 343 Aretxabaletan, 196 Eskoriatzan, 142 Antzuolan, 67 Aramaion, 47 Elgetan eta 4 Leintz Gatzagan.

Azpimarratzekoa da atzo hamahiru kasu bakarrik hauteman zirela Debagoienean; zazpi Arrasaten, hiru Bergaran eta bana Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagan. Zapatuan, berriz, hemeretzi izan ziren: zortzi Arrasaten, sei Bergaran, hiru Oñatin eta bana Antzuola eta Aretxabaletan. Eta, bukatzeko, egubakoitzean egindako probek 32 positibo baieztatu zituzten: hamasei Arrasaten, sei Aretxabaletan, bost Bergaran, bi Oñatin eta bana Aramaio, Elgeta eta Eskoriatzan. Egunez egun positiboek behera egin badute ere, oraindik intzidentzia datua handia da zenbait herritan.

HERRIA ASTEBURUKO POSITIBOAK POSITIBO METATUAK
Arrasate +31 1.818
Bergara +14 986
Aretxabaleta +8 343
Oñati +5 532
Eskoriatza +2 196
Antzuola +1 142
Aramaio +1 67
Elgeta +1 47
Leintz Gatzaga +1 4
GUZTIRA 64 4.135

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Arrasaten eta Aramaion, tabernak itxita

Esandakoaren bidetik, azken datuen arabera, Arrasate (1110,71) eta Aramaio (796,81) dira bailaran 100.000 biztanleko 500eko intzidentzia tasa gainditzen duten herriak. Hain zuzen ere, Arrasatek erkidegoko datu okerrena izaten jarraitzen du, 5.000 biztanletik gorakoen artean.

Hala, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaritzak gaur aurkeztu du berriz, tasa altua duten herrien inguruko ebazpena, eta egoera ez da aldatu bailaran. Armaio eta Arrasateko tabernek itxita jarraitu beharko dute.

Hego Euskal Herrian, positiboek behera

Atzo egindako proben %6,1ek eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %5,8k Nafarroan. Positiboei dagokienez, guztira, 404 izan ziren hautemandakoak, eta lurraldeka, 145 izan ziren Bizkaikoak, 115 Gipuzkoakoak, 71 Arabakoak, 68 Nafarroakoak eta bost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak.

Gainera, aipatzekoa da oinarrizko birsorkuntza datuak gora egin duela erkidegoan, eta zapatuan 1eko muga gainditu zuela. Atzo, zehazki, 1,02koa zen datua erkidegoan (1,12 Araban eta 0,99 Gipuzkoan), eta hortaz, pandemia hedatzen ari dela ondoriozta daiteke.

Ospitaleetan, berriz, 28 lagun ingresatu zituzten atzo, eta orotara, 644 daude ospitaleratuta Hego Euskal Herriko erietxeetan; horietatik 134, ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak