Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 10.854 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo koronabirus kasu berriak atzemateko eta horietako 734tan, emaitza positiboa izan zen. Herenegun baino 31 kasu berri gehiago atzeman zituzten atzo, nahiz eta 1.711 proba gutxiago egin. EAEn egindako proben %7,2ak eman zuen atzo positibo; Nafarroan egindakoen %4,7ak.
Lurraldeka, bilakaera ezberdina da: Gipuzkoan 209 kasu berri agertu ziren atzo egindako probetan, ostegunekoetan baino 34 gutxiago; eta Nafarroan 98, bezperan baino zortzi gutxiago. Bizkaian, aldiz, 295 kasu berri agertu ziren atzo, herenegun baino 52 gehiago; Araban ere bezperan baino zazpi kasu gehiago atzeman zituzten, 129 denera. Atzo agertu ziren gainerako hiru kasuak EAEn atzeman arren, beste erkidego batzuetakoak dira.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 78 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Hego Euskal Herrian COVID-19agatik eta 134 gaixo daude ZIUn.