Bete beharreko baldintzei dagokienez, ostalaritzako establezimenduek 20:00etan itxi behar dituzte ateak. Dena den, eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan, aurrez hitzordua eskatuta, eta, etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango da.
Tabernetako edukierei dagokienez, terrazetan %100eko edukiera baimenduko da baina lokal barruan %50ekoa. Halere, eserita kontsumitu beharko da beti, eta mahaien artean distantzia mantenduta. Gainera, mahai bakoitzeko bezero-taldeak ezin izango dira sei baino gehiago izan, eta lau lagunentzako mahai prestatuetan, lau bezero bakarrik bildu ahal izango dira. Kasu horietan bi mahai batu ahal izango dira sei lagun batzeko.
Atzo argitaratutako buletinean ere bestelako gomendioak egin ditu jaurlaritza ostalaritzarekiko: alde batetik, establezimendu barruan telebistaz eskaintzen diren kirol-ekitaldiak taldean ez ikustea, eta bestetik, establezimendu horietako terrazetan eta inguruan ez erretzea.