Maria Jose Telleria: "Erregalu ederra egitea da liburu bat oparitzea"

Karmele Uribesalgo 2020ko abe. 11a, 12:32

Liburuak, diskoak eta pelikulak erosteko kultura bonuak jarriko ditu eskuragarri Foru Aldundiak. Tokiko hedabideetara harpidetzeko laguntzak ere emango dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura bonuak jarriko ditu eskuragarri. Gabonen bezpera ingururako jarri nahi dute martxan kanpaina, eta bonuak agortu arte egongo da abian.

Zer dira kultura bonuak?

Urtero bezala, Kultura Departamentuak bonuak aterako ditu Gabonetan. Helburua da irakurzaletasuna sustatzea eta herritarrak euskarazko produktuak erostera animatzea.

Noiz hasi zineten ekimen horrekin?

Bonuak ateratzen ditugun seigarren aldia da oraingoa. Urtez urte, diru partida areagotzen joan da, eskaerak igo diren neurrian. Aurten, gainera, bonu tirada berezi bat izan dugu udan. Egoera ikusita, une egokia iruditu zitzaigun. Izan ere, jendeak denbora gehiago izan du etxean egon eta irakurtzeko. Bestetik, liburu denda txikiei bultzada emateko modua ere izan da bonuen kanpaina abiatzea. Udako ekimen hori berezia izan zen, baina, normalean, Gabonetan atera ohi ditugu bonuak. Udako kanpainara 100.000 euro bideratu genituen, eta orain, 85.000 euro jarriko ditugu; 80.000 liburuak, diskoak eta pelikulak erosteko izango dira eta beste 5.000, herri aldizkarietarako harpidetzak ordaintzeko.

Nola funtzionatzen dute liburu, disko eta pelikula bonuek? Zelan eskuratzen dira?

Euskarazko produktuetarako bonu batzuk ateratzen ditugu, eta gaztelaniazkoentzako beste batzuk. Euskarazko produktuak erostean, 20 euroko gastua eginda, 12 euroko hobaria jasotzen du erosleak. Gaztelaniazkoetan, aldiz, 8 eurokoa da. Une honetan zabalik dago deialdia liburu dendek bonuak banatzeko aukera izatea eskatzeko. Behin hori zehaztuta, bezeroak bertara joatea besterik ez du erosketa egiterakoan deskontua jaso ahal izateko.

Zer harrera izaten dute bonuek?

Zoritxarrez, euskarazko bonuak ez dira sekula amaitu. Egia da bonu gehiago izaten direla gaztelerazko produktuetarako, baina hobaria txikiagoa da erosketa bakoitzeko.

Aurten berebiziko garrantzia izango dute bonuek, ezta?

Gure nahia da jendea konturatzea erregalu ederra egitea dela liburu bat oparitzea. Gainera, aurten, gutxiago ibili ahal izango gara kalean, eta irakurzaletasuna berreskuratzeko une ona izan daiteke. Horrez gain, hobaria beti da ona, eta egungo egoera kontuan izanda, are eta gehiago. Nolabait, nahi dugu jendeak saritxo bat jasotzera kulturan inbertitzen duenean.

Laguntzak Goiena Klubera batzeko

Foru Aldundiak Tokikom-ekin sinatutako hitzarmen bati esker, Goienako Klubean ere erabil ahal izango dira 12 euroko bonuak. Izan ere, Aldundiak 5.000 euroko diru partida bideratuko du tokiko hedabideen harpidetzak sustatzera. Dagoeneko bazkide direnek zein bazkide berriek erabili ahal izango dituzte bonuak. Modu horretara, astero izango dute 48 orriko Puntua irakurgai etxeko buzoian.

"Herri aldizkariak jende askok irakurtzen ditu, eta interesgarriak iruditzen zaizkigu herritarrak euskaraz irakurtzera animatzeko", azaldu du Telleriak.

Harpidetza egiteko bi modu daude: Goienaren egoitzara joanda edo idazkaritza@goiena.eus helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak