Iñaki Peña (Medikua eta 'Mendian hil, hirian hil' filmaren zuzendaria): "Erakusleiho itzela izan da Mendifilm jaialdia"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko abe. 11a, 09:10
Iñaki Peña zuzendaria, Mendian hil, hirian hil filmaren grabaketan. Argazkia: Arteman.

Dokumentalarekin, doluari buruzko lanen trilogia borobildu du Iñaki Peñak, Arteman Komunikazioak-ekin elkarlanean; Mendifilm Festival-en atarian dago online ikusgai.

Itxialdian ondu zuen Peñak gidoia; kalera irteteko aukera eman orduko, maiatzean, lehen elkarrizketak grabatzen hasi ziren. Udarako guztiak jaso eta udazkenean muntatu ondoren, domekan estreinatu zuten, Bilboko Euskalduna jauregia.

Erakusleiho aproposa izan duzue aurkezteko: Mendifilm jaialdia.

Itzela! Gure nahiek eta antolatzaileen interesek bat egin dute eta nazioarte mailan estreinatu dugu! Ilusio handiarekin joan ginen Bilbora eta inpresio oso ona dugu orain.

Zer iritzi jaso dituzue orain artean?

Jendeak estimatu egin du heriotzari buruz errespetuz eta positiboki berba egitea, eta hala adierazi digute.

Eta zuek emaitzaren gustura?

Bai, oso pozik. Aulki hutsak egin genuen lehenengo lanarekin gogoratzen naiz sarritan; toki askotara mugitzea lortu dugu hura, eta honek ere bere ibilbidea egingo duela uste dut. Mendia du abiapuntu, baina mezua aurreko lanen bidetik doa, doluari buruz, eta oraingoan heriotzari buruz ere bai. Teknikoki kalitate hobea du, eta, orokorrean, aberatsagoa da.

Ahots askorekin osatutako kontakizuna da. Nortzuk daude?

Batetik, mendian hildakoen senideak daude; horien artean, Aretxabaletako Mikel Cresporen familia, haren ama eta arreba daude. Izugarria da horiei entzutea, eta medikua naizenetik, oso poztekoa dolua zelako ondo eta azkar bete duten ikustea. Alpinista profesionalak –Juanjo San Sebastian eta Felipe Uriarte– eta mendizale-lagunak ere bai; eta baita osasun arloko profesionalenak ere: Felix Zubia, Iñigo Suberbiola eta Susana Llavina lankideak eta Izaskun Andonegi dolu-terapeuta.

Nola dago kontatuta?

Bi munduak uztartu nahi izan ditut: mendiarena eta hiriarena. Ramon Olasagastik idatzi zuen Mendiminez liburua oso lagun- garria egin zaigu. Lau bloketan banatuta dago: Mendian hil; Hirian hil; Mendian bizi, hirian bizi; eta epilogoa. Azken hori ez da kredituen zerrenda soil bat, bere pisua du istorioan.

Musika ere etxekoa da, Aretxabaletako Eñaut Zubizarretak egin du.

Eider Otxoak egin zuen doluari buruzko hitzaldi batean ezagutu nuen; musikarekin lagundutako saioa izan zen, eta, bukatutakoan, Eiderrek aurkeztu gintuen. Elkarrekin lanean hasi eta geroago jakin nuen Mikel Cresporen hari-laguna izandakoa zela Eñaut, eta haren omenaldi ekitaldian biolontxeloa jo zuela; oso ondo konektatu du proiektuarekin. Lau abesti eskatu genizkion eta bikoitza sortu zigun; horietan Badoie kantua dago, dokumentaleko lehenengo kantua; lantaldeko batzuen esanetan, lanaren abesti nagusia.

Zein da zabaldu gura duzuen mezua?

Batetik, itxaropen mezu bat; hau da, aurreko bi lanekin moduan, posible dela dolu zail eta konplikatuetatik ateratzea. Era berean, gertakari txarrak ekimen politen abiapuntu izan daitezkeela ere erakutsi dugu; adibidez, Iñaki Ochoa de Olza hil ondoren sortu zuten SOS Himalaya Fundazioa eta horrek ekarri dituen proiektu asko. Baina badago hirugarren mezu bat ere: Suku-ren historia; hau da, mendian hil zen Beñat Arrueren gurasoek etxean duten alaba berria da Suku. Himalaian ezagutu zuten, gaixorik zegoen, eta Arrueren gurasoek Euskal Herrira ekarri zuten gero, eta sendatu egin da.

Bihar, beste emanaldi bat izango da, Bilboko Golem zinemetan, baina online ikusteko ere badago.

Bai; hala da. Mendifilm festival jaialdiaren atarian lehiatzen diren lan guztiak daude. Alokatu egin behar da; hainbat aukera eta prezio daude.

Filmeko lantaldea eta protagonistak, domekan Mendifilm jaialdian egin zuten aurkezpenean. Argazkia: BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak