Tabernak irekiko dira zapatuan, gorriz markatutako herrietan izan ezik

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 9a, 21:03

Gaur arratsaldean bildu da Euskadiko Babes Zibileko Planaren batzordea (LABI), eta zapatuan indarrean jarriko diren neurriak adostu ditu. Besteak beste, konfinamendua lurralde historikora zabalduko dute, eta neurriak mantenduz, ostalaritzako establezimenduak ireki ahalko dira.

Tabernak eta jatetxeak irekitzea onartu du LABIk, terrazetako edukiera %100era utzita eta barneko edukiera %50era mugatuta. Halere, ezingo da zutik edo barran kontsumitu; jarrita egin beharko da. Establezimendua irekitzeko, ordea, baldintza bat bete beharko da: ezin izango dute zabaldu Osasun Sailaren semaforoan gorriz dauden herrietako ostalariek; hau da, bi astetako intzidentzia tasa 500etik gorakoa dutenek. Bailaran, azken datuen arabera, Arrasate da tabernak itxita mantendu beharko dituen herri bakarra.

Ordutegiari erreparatuta, beranduenez 20:00etan itxi beharko dituzte establezimenduak eta 06:00etatik aurrera ireki.

Gabonetan, neurri malguagoak

Gabonei dagokienez, abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1ean, hamar laguneko taldeak elkartu ahalko dira ospakizunetan, eta etxeratzeko agindua 01:30era arte luzatuko da, 24tik 25erako gauean eta 31tik 1erako gauean. Era berean, EAEko mugikortasun mugak –bai lurraldeetakoak eta bai erkidegokoak–  salbuetsita geratuko dira abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra. Horrez gain, Jaurlaritzak erresidentzietako bisiten araudia moldatuko duela ere aurreratu du Gabon-jaiei begira.

Udal konfinamendua, bertan behera

Gainerako arauei dagokienez –adierazitako ospakizun-egunetan salbu– orain arte bezala, gehienez sei pertsonako taldeak batu ahal izango dira eta etxeratzeko agindua 22:00ak artekoa izango da.

Baina konfinamendu perimetralei dagokienez, ordea, aldaketak izango dira: udal konfinamendua kenduko dute, mugikortasuna lurralde historikora zabalduz. Halere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa barruan eta erkidegoan, indarrean jarraituko dute mugek, aurrez adierazitako egunetan izan ezik.

Bestetik, Lehendakariak jakinarazi du kirol federatuan sei pertsonako taldeak ere baimenduko dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak