Arrasateko kasuez gain, lau positibo atzeman dira Aretxabaletan, hiruna Bergaran eta Eskoriatzan, bi Aramaion, eta bana Elgetan eta Oñatin. Herenegun baino kasu gutxiago badira ere, ezin da baieztatu, egunez egun, beheranzko joera dagoenik Debagoienean.
Osasun Sailaren semaforoari erreparatuta, Arrasate da gorriz dagoen bailarako herri bakarra, eta gainerakoak laranjaz daude. Hemen azken datuak erakusten dituen mapa:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herriari dagokionez, 9.291 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo, eta horietatik %5,5ek eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %8,1ek Nafarroan. Guztira, 450 kasu atzeman ziren: 227 Bizkaian, 143 Gipuzkoan, 86 Nafarroan, 73 Araban eta zazpi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestalde, oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuta, gora egiten jarraitzen du: 0,99koa da Araban eta 0,84koa Gipuzkoan.
Ospitaleei dagokienez, 42 lagun ingresatu zituzten atzo eta 672 dira Hego Euskal Herrian ospitaleratuta daudenak; horietatik 151, ZIUn.
Horri lotuta, Berraondo sailburuordeak baieztatu duenez, Osakidetzak orain arte ez ditu zenbatu proba antigenoa egin ostean ingresatutakoak. Hala, Osasun Sailak adierazi du azken hamabost egunetako ospitaleratzeak %50 gehiago direla. "Atzo ikusi genuen akatsa, atzo zuzendu genuen", gehitu du Sagarduik.
Horrez gain, Osasun Sailak azken astean zendutako pertsonen berri ere eman du gaur. Azaroaren 30etik abenduaren 6ra bitartean, 76 hildako egon dira EAEn. Hala, Hego Euskal Herri osoan metatutako zenbatekoa 3.596 hildakorena da.
Erabakien berri, gaur
Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzordea bilduko da gaur 18:30ean, eta besteak beste, ostalaritzari eta Gabon jaiei dagozkien arauak adostu eta zehaztuko dituzte.