Asteburuan 81 positibo zenbatu dituzte, eta Aretxabaleta eta Oñatin herri 'laranja' izatera pasa dira

Maialen Santos 2020ko abe. 7a, 12:58

Asteburuan zehar 81 kasu baieztatu dituzte, eta horrenbestez, dagoeneko 3.951 lagun kutsatu ditu birusak Debagoienean. Azpimarratzekoa da Aretxabaletako 14 eguneko intzidentzia-tasa jaitsi egin dela asteburuan –380,39 da orain–; eta, beraz, herri hori gorritik laranja izatera pasa da. Aldiz, Oñatik okerrera egin du: intzidentzia-tasa 338,12ra igo da, eta beraz, horia izatetik laranja-ra pasa da. 

Asteburuan zehar hautemandako koronabirus kasu positiboak gaur eman ditu aditzera Osasun Sailak. Azaldu dutenez, atzo 14 kasu berri hauteman zituzten, zapatuan 24 eta egubakoitzean 43. 

Antzuolan eta Leintz Gatzagan izan ezik, bailarako gainontzeko herrietan atzeman dituzte kutsatze berriak asteburuan zehar. Herriz herri, Arrasate izan da kasu gehien erregistratu dituena hiru egun hauetan –erdiak baino gehiago– (49), eta atzetik izan ditu Oñati (10), Bergara (9), Aretxabaleta (4), Elgeta (4), Aramaio (3) eta Eskoriatza (2).

Taula honetan daude Osasun Sailaren datuak kontuan hartuta, bailaran atzemandako azken positiboak, eta baita datu metatuak eta 1.000 biztanleko kutsatzeak ere.

HERRIA ASTEBURUKO KASUAK POSITIBO METATUAK 1.000 BIZTANLEKO
Arrasate +49 1.714 77,70
Oñati +10 519 45,71
Bergara +9 959 63,92
Aretxabaleta +4 326 45,93
Elgeta +4 44 38,63
Aramaio +3 61 40,50
Eskoriatza +2 185 45,51
Antzuola +0 140 63,61
Leintz Gatzaga +0 3 12,00
GUZTIRA 81 3.951 61,09

Egunez egun, egubakoitzean 24 kasu erregistratu ziren Arrasaten, zazpi Bergaran, sei Oñatin, hiru Aretxabaletan, bi Elgetan eta bakarra Eskoriatzan. Zapatuan, aldiz, hamasei izan ziren Arrasatekoak, hiru Oñatikoak, bina Aramaio eta Elgetakoak, eta bakarra Aretxabaletakoa. Eta atzoko datuen arabera, bederatzi positibo berri zenbatu zituzten Arrasaten, bi Bergaran eta bana Aramaion, Eskoriatzan eta Oñatin. 

EAEn, 1.287 kutsatze asteburuan

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 1.287 kasu berri baieztatu dituzte azken hiru egunetan: 520 egubakoitzean -8.041 proba egin zituzten–, 452 zapatuan –6.985 proba egin zituzten– eta 315 domekan –5.223 proba egin zituzten–.

Lurraldeka, asteburuan 449 positibo berri erregistratu dituzte Gipuzkoan, 219 Araban eta 606 Bizkaian.

Bestetik, domekara arte 131 pertsona daude EAEko ospitaleetako ZIUetan erietxeratuta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak