Atzo egindako PCR eta antigeno probek 44 positibo berri baieztatu dituzte Debagoienean; horietatik 30, Arrasaten. Eta hain zuzen ere, Arrasate izan da atzoko probetan, Gasteiz, Bilbo eta Donostiaren ondoren, positibo gehien erregistratu dituen erkidegoko herria. Gainerako kasuak Bergaran (6), Oñatin (4), Aretxabaletan (2), Eskoriatzan (1) eta Leintz Gatzagan (1) hauteman dira. Azken positibo horrekin, hiru dira pandemia hasi zenetik kutsatu diren gatzagarrak.
Aurreratu bezala, Oñati horiz markatuta ageri da gaur Osasun Saileko semaforoaren sisteman. Eta bestalde, Arrasateren kasua ere azpimarragarria da, izan ere, erkidegoko 5.000 biztanletik gorako herrien artean intzidentzia datu handiena du; 1.500,59. Gainerako herrietako datuak mapa honetan daude:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Gipuzkoa, gorritik laranjara
EAEko lurralde guztiak daude dagoeneko kolore laranjan, Gipuzkoako intzidentzia jaitsi ostean. Gutxigatik bada ere, gorritik laranjara igaro da Gipuzkoa atzoko datuak erregistratu ostean, eta 477,00ko datua du.
Hego Euskal Herriko kutsatzeei dagokienez, atzo 11.500 test diagnostiko egin ziren. Nafarroan, proben %6k eman du positibo eta EAEn %5,2k; erkidegoko ehunekoa jaitsi egin da aurreko egunetakoekin alderatuta. Halere, birsorkuntza datuak gora egin du (0,95 Araban eta 0,83 Gipuzkoan). Zehazki, Hego Euskal Herrian, atzo 601 positibo berri erregistratu ziren: 208 Bizkaian, 205 Gipuzkoan, 103 Araban, 82 Nafarroan eta hiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Ospitaleetan, bestetik, atzo 45 pertsona ingresatu zituzten, eta azken datuen arabera, 612 lagun daude guztira ospitaleratuta; horietatik 159 ZIUn.