Plazan zein mendian, irribarrea galdu barik dabil Alex Txikon

Hasier Larrea 2020ko abe. 5a, 12:00

Alex Txikon, Mendi biluzia dokumentalaren eta liburuaren aurkezpen ekitaldi batean.

Nanga Parbat zortzimilakoaren igoerari buruzko dokumentala eta liburua aurkezten dabil asteotan lemoarra Euskal Herriko txokoetan barrena. azaroaren 24an bergarako Seminarixoa bete ostean, Gatzagako Mendi Astean ere aurkeztuko ditu bi proiektuak

Gailurrez gailur baino gehiago, aretoz areto ibiltzea tokatzen zaio Alex Txikon alpinista ezagunari. Nanga Parbatera 2016an egindako espedizioa deskribatzen duen dokumentala eta liburua argitaratu ditu udazkenean, pandemian zehar bi proiektuei forma ematen ibili ostean.

Hori horrela, Mendi biluzia izena jarri die bi lanei, eta ez alferrik, Nanga Parbatek esanahi hori baitauka urdueraz eta hindieraz. Ikus-entzunezkoa eta idatzizkoa jendaurrean "harrera ona" izaten ari direla baieztatu du Txikonek, dokumentalaren emaitzarekin ikusleak "gustura" irteten direlako aretoetatik eta, "liburuaren lehen 4.500 aleak agortuta, bigarren edizioa inprimatzen" ari direlako orain.

Esperientzia "aberasgarritzat" jotzen du mendigoizaleak Euskal Herriko herri desberdinak bisitatzen ibiltzea, eta inguruko emanaldi gehienak atzeratu behar ez izana "eskertzekoa" dela adie-razi du, "hein handi batean gauzak ondo" kudeatzen ari diren seinale.

Debagoiena ere pare bat aldiz zapalduko du alpinistak bira horren baitan: joan den azaroaren 24an, Bergarako Pol-Pol elkarteak antolatutako Mendi Astean proiektatu zuen filma, eta abenduaren 17an beste horrenbeste egingo du Gatzagako Mendi Astean. Bergarako esperientziaren kasuan, Seminarixora 127 pertsona gerturatzeak "poztu" egin zuela onartu du lemoarrak; are gehiago, "kanpoan gelditu ziren hamar pertsona ingururekin hitz egiteko aukera" izan zuela kontuan hartuta.

OHITURAREKIN JARRAITUZ, URTE HASIERAN HIMALAIA ZAPALTZEKO ASMOA DAUKA LEMOARRAK

Neguko espedizioetan maisu

Txikon munduko alpinismoan nabarmendu bada, hori zortzimilakoetara neguan joaten hasi zelako aipatuko dute askok. Izan ere, urtaro horretan ez da ohikoa Himalaia aldera bidaiatzea, baina, bizkaitarraren esanetan, bere taldearentzat ez da "bestelako ezer". Izan ere, neguan mendia "berezi eta magiko" bilakatzen dela uste du berak, eta "gogoa" baldin badago erronka "askoz ere eramangarriagoa" gertatzen dela. "Horrek ez du esan nahi erraza egiten zaigunik, momentu gogorrak ere bizi izaten ditugulako", gehitu du.

2010etik dihardu neguko espedizioak antolatzen, eta geroztik hainbat saiakera egin ditu Everesten, K2an eta Nanga Parbaten, besteak beste. "Dokumentalak eta liburuak deskribatzen duten moduan, 2016an azken mendi horren tontorrera heltzea gauza handia izan zen", adierazi du Alex Txikonek.

Eta aurtengo neguan, zer?

Iraganetik bizitzea, baina, ez da bere planetan sartzen, eta dagoeneko hasia da 2021 hasierako irteera planifikatzen. "Orain, egunez egun ari gara gozatzen, baina Himalaiara joan nahi dugu, eta badirudi posible izango dugula, momentuz, gauzak ateratzen ari direlako", aurreratu du. Abenduaren 28ko prentsaurrekoan emango ditu saiakera berriari buruzko xehetasun guztiak.

Aurrera begirakoari buruz galdetuta, argi dauka bere burua "inguruneari lotutako proiektuetan" ikusten duela.

"PANDEMIAK GOGOR ASTINDU DITU MENDIKO LAGUNAK, EGOERA ZAILAGOAN DAUDE ORAIN"

Pandemia alpinismoan

Izan ere, Txikonek gogoan ditu egungo krisiaren eragina "nabarmen" jasaten ari diren mendiko lagunak. "Asiako, Afrikako eta Hego Amerikako erreserbetan bizi direnak sufritzen ari dira, aurten gune horietara joaten diren bidaiarien joan-etorriak eten egin direlako", dio, eta hango instalazioak mantentzeak "konplikazioak" sortzen dizkiela gehitu du.

Lehen mendian "hobetu beharreko" kontu asko baleude, diru-sarrera gutxiago edukitzeak egoera "are gehiago" zailduko duela argi dauka mendizaleak. Era berean, bereari begiratzean ez dela kexu azpimarratu du lemoarrak: "Bi proiektuen eraginez behar baino presa handiagoz aritu naizen arren, mendian ibiltzeko aukera izan dut martxotik aurrera".

Hotzari bezala, bizitzari ere "irribarre batekin" aurre egiten dio Alex Txikonek. Mendiak, agian, ez, baina berak sekretu gutxi gordetzen dituela ukatu ezinezkoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak