Durangoko Azoka: formatu modernoarekin, kultura industria suspertzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko abe. 4a, 10:52

Gaurtik martitzena bitartean 2.300 produktu baino gehiago izango dira online salgai, eta 100 ekitaldi baino gehiago; aurkezpenak streaming bidez eskainiko dira.

Ezohiko itxura dauka Durangoko Landako guneak, nahiz eta gaur abiatu duten 55. Durangoko Azoka. Saltoki fisikorik ez dago, eta jende gutxi dabil lepo betetzen den gune nagusian.

Online bakarrik eros daitezke aurten produktuak –Durangokoazoka.eus atarian dagoen denda birtualean–, eta, horretarako, biltegi erraldoi bihurtu du Landako gunea Gerediaga elkarteak. "Guztira, 2.319 produktu daude eskuragarri; horien artean, 852 nobedadeak dira, 636 liburu, 100 musika produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelako. Egoera larri honetan kulturgintza bizirik dagoen seinale", azaldu du Gerediaga elkarteko kudeatzaile Arantza Atutxak.

Nerea Mujika: "Kultura-zale goza ezazu aurtengo Azokaz eta hartu tarte bat online dendan kuxkuxeatzeko"

Kultura sektorea "babestu beharra dagoelako" egin du Gerediaga elkarteak aurten ere Azokarekin aurrera, eta kultura-zaleei bat egiteko eskatu die elkarteko presidente Nerea Mujikak. "Kultura-zale goza ezazu aurtengo Azokaz eta hartu tarte bat online dendan kuxkuxeatzeko, eta egin klik euskal kultura eskuratuz. Ez dadila Azokaren taupada eten, eta ezta euskal kulturarena ere".

Denda birtuala, gaurtik zabalik

Aurreko egubakoitzean hasita, Azokaren webgunean katalogoa kontsultatzeko eta Desioen saskia-n sartzeko aukera izan da, eta, gaurtik hasita, aukeratutako Desioen saskia errealitate bihurtuko du erosleak, ordainketa egin eta erosketari amaiera emanez. Abenduaren 8ra bitartean izango da online denda zabalik.

Ordainketa egiten duten lehenengo mila erosleek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa berezia jasoko dute, doan, euren erosketarekin batera. Era berean, 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa gasturik ordaindu beharko.

Liburu-dendetan ere bai

Zu, non han da! ekimena abiatu du Gerediaga elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, eta, horren bitartez, Euskal Herriko liburu-dendei aukera eman diete Azokako produktuak abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra bitartean saltzeko. "Online dendari jarraipena emango diogu horrela, Azokaren eragina Gabonetako erosketetara zabalduz".

Liburu-denda bakoitzak egin behar zuen eskaera, eta Debagoienetik ere jaso dituztela hainbat diote antolatzaileek: "Zerrenda guztiz zehaztu barik daukagu, baina Arrasaten, Bergaran eta Oñatin, behintzat, izango direla aurreratu dezakegu".

Debagoieneko idazleen uzta

Marian Porcel (idazlea): "Klima aldaketaren aurka borrokan ari diren bi gazteri buruzko istorio bizia da Nevermore"

Denetariko ekoizpenak daude aurten ere, eta horien artean daude eskualdeko sortzaileek egindakoak ere. Marian Porcel arrasatearrak, esaterako, nerabeentzako Nevermore eleberria argitaratu du, Elkar argitaletxearekin. Klima aldaketaren aurka borrokan ari diren bi gazteri buruzko istorio bizia dela azaldu du idazleak: "2019an kokatuta dago; niretzako garrantzitsuena zen gazteek klima aldaketaren kontra zelako borroka egin duten islatzea. Interesa piztu dien gaia izan da, eta niri ere kezka sortzen dit. Bi gazte dira protagonistak: Naia, 16 urteko neska, eta Bele, 17 urte dituen mutila. Mugimendu ekologistaren barruan ezagutuko dute elkar. Nire helburua gazteendako liburu erakargarria egitea zen, eta esango nuke nahiko lortuta dagoela. Irakurtzeko arina izaten saiatu naiz, elkarrizketa eta istorio biziekin".

Kepa Errasti aretxabaletarrak idatzi eta bera ere kide den Xake Produkzioak taldeak 2016an estreinatu zuen Mami Lebrun antzezlana liburuan eskuratzeko aukera ere badago aurtengo katalogoan. Amamaren heriotzak sortu zion zirrara pertsonala duela istorioak abiapuntu dio egileak: "Heriotzaz, doluaz, iraganaz, maite genituen gertukoen memoriaren zaintzaz, aurreko belaunaldiek bizitzea tokatu zitzaien mundualdiari emandako erantzunaz eta, inplizituki, besterik ez bada ere, oraingoari eta etorkizunari guk eman beharrekoaz hitz egiten du".

Ane Odriozola (idazlea): "Irakurtzeko erraza eta entretenigarria da"

Arrasateko Biztanleen Arreta Zerbitzuan lan egiten duen Ane Odriozola legazpiarrak orain dela bi urte El secreto de Gibola helduentzako misteriozko eleberria argitaratu ondoren, istorioaren bigarren zatia kaleratu berri du, La sombra de Gibola izenekoa. "El secreto de Gibola bi denboratan kontatuta dago, lehen istorioa 2010ean eta bigarrena 100 urte atzerago. Lehenengoan, Nerea izeneko donostiar bat Legazpin bere aitonaren izenean baserri bat dagoela konturatzen da, eta, jakin-minak bultzatuta, ikertzen hasten da. Bigarren istorioak aitonaren eta haren familiaren benetako pasarteak kontatzen ditu. Amaieran, irakurlea ohartzen da ea Nereak uste duena egia den ala ez. La sombra de Gibola-n, aitonaren familiaren istorioa hartu eta 25 urteko saltoa ematen dut; 50eko hamarkadako Donostian kokatzen da, beraz. Irakurtzeko erraza eta entretenigarria da", dio idazleak.

Gogoeta literario, ekologiko eta metafisikoak biltzen dituen thriller itxura duen eleberria da Erabili goldea hilen hezurren gainetik liburua

Eskualdearekin lotura duten bi argitalpen ere badaude aurtengo eskaintzan: Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak izeneko komikia eta Erabili goldea hilen hezurren gainetik eleberria. Susa argitaletxearen eta Mendifilm jaialdiaren eskutik, Ramon Olasagastik, Cesar Llagunok eta Felipe H. Navarrok egin dute. "Orain dela bi urte, Mendifilm jaialdiko Jabi Baraiazarrak Everest herri oso bat gailurrean izeneko komikia egiteko proposatu zigun Cesarri eta bioi, eta, nolabait esanda, haren jarraipen moduko bat da berria. Hiru lagunen artean egin dugu oraingoan, Cesarren lagun ilustratzaile Felipe H. Navarro batu da taldera, eta irudiak koloreztatu ditu. Alberto eta Felix Iñurrategi anaien ibilbidea kontatzen du istorioak, espedizio ezberdinetako kontakizunak eta mendizale profesionalekin eta mendizale-lagunekin bizi izandakoak. Alberto bera oso gertu izan dugu prozesu osoan; idatzitakoen eta marraztutakoen gaineko iritziak ematen eta behar genuen informazioa osatzen lagundu digu", azaldu du Ramon Olasagasti idazle eta kazetariak. Bihar, zapatua, Mendi Film jaialdiaren barruan aurkeztuko dute, Bilboko Euskalduna jauregian.

Iñurrategi  Anaiak. Mendiari bihotz emanak liburuko pasarte bat

Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolatzen duten Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketaren fruitua da Erabili goldea hilen hezurren gainetik helduentzako eleberria. Suediako Akademiaren eskutik 2018an Literaturako Nobel saria jaso zuen Olga Tokarczuk idazle poloniarrak idatzitakoa eta Itzulpen sariketako irabazle Amaia Apalauzak Sonia Kolaczekin batera itzulitakoa. "Janina Duszejko ingeniari erretiratua eta orain ingeleseko irakaslea da Polonia hego-mendebaldeko bazter menditsu batean. Neguan ez da ia inor bizi paraje haietan, baina, hala ere, hildakoak agertzen hasiko dira, eta guztiek ere ezkutuko ehizarekin lotuak, nonbait. Hori, labur kontatuta, istorioak jasotzen duena. Thriller itxura du, baina gogoeta literario, ekologiko eta metafisikoak biltzen dituen eleberri mamitsua da, azken Nobel saridunaren lanik enblematikoena", azaldu dute sariketaren bultzatzaileek.

Saretik formatu fisikora

Eskualdeko musika ekoizpen asko ere badaude aurtengo katalogoan jasota. Itxialdiak eta ondoren etorri diren neurri murriztaileek ez diete bidea samurtu aurten argitaratu duten musikariei. Sarean estreinatu dituzte gehienek lan berriak, eta orain ari dira formatu fisikoan saltzen. "Egoera ikusita, Duguna esateko sarean elkarbanatzea erabaki genuen; astero abesti bat igo genuen, eta pozik gaude eduki duen harrerarekin. Gustatzen zaigu jendeak kantuak zelan hartu dituen entzutea; bideoklip bat ere egin genuen, zaleek bidali zizkiguten bideoekin. Penaz gaude, gustatuko zitzaigun moduan aurkezteko aukerarik izan ez genuelako; horregatik, orain, oso pozik gaude Totem aretoan jotzeko aukera dugulako, eta, gainera, Kaleko Urdangak talde lagunarekin; horiek ere diskoa aurkeztuko dute, Kaleak sutan izenekoa", azaldu dute Arrasateko Perlata taldekoek.

Bizarro: "Gure onena aterako dugu bihar Plateruenako  aurkezpen kontzertuan"

Oñatiko Bizarro taldearen kasua ere antzerakoa da. Honela kontatu du taldeko kide Iban Idigorasek: "Sarean aurkeztu genituen bana-banan Deshumanizazioa laneko kantuak, eta bihar jarriko dugu salgai, USB formatuan. Bost problematika lantzen duen lan bat da, geure buruan oihuka dabiltzanak eta rock ilunez jantzitakoak. Eskertzekoa da Plateruenan aurkezteko aukera izatea, bihar, zapatua, 20:15ean. Gure onena aterako dugun ordu erdiko kontzertua izango da; lanean jasota dauden bost kantuak eta beste bi berri izango dira".

Brigade Loco: "Eskertzekoa da Gasteizko Jimmy Jazz aretoan domekan kontzertua emateko aukera izatea Durangoko Azokaren baitan"

Otsailean grabatu zuten Brigade Loco bergararrek Amets bati lotuta izeneko taldearen bigarren lana. "Musika aldetik, landuagoa da; aurreko lanean egindako akatsetatik ikasi eta hobetzen saiatu gara. Abestiak sortzeko denbora gehiago hartu dugu, eta uste dugu igartzen dela hori, abesti hobeak edo landuagoak dira. Hitzei dagokienez, irlandarren borrokari buruzko bat dago eta Telesforo Monzoni eskainitako bat ere bai. Kontzertu gutxi batzuk egin ditugu, baina eskertzekoa da Gasteizko Jimmy Jazz aretoan domekan kontzertua emateko aukera izatea Durangoko Azokaren baitan", azaldu du Oier Aperribai baxu-joleak. Bergarako Barne Guda taldea izango dute lagun; horiek ere lan berria aurkeztuko dute, Itzalpeko argiak izenekoa. Hala ere, esan beharra dago emanaldi horretarako sarrerak agortu egin direla.

Mila Modu: "Gure lehen kontzertu elektrikoa izango da domekan Plateruenan"

Mila Moduren lana, berriz, konfinamenduan ondu zen, gehienbat. Garai bateko Hor Konpon taldeko Xabier Yanizek abiatu duen proiektu pertsonala da, baina hasieratik bidelagun ditu taldekide zituen Andoni Campos eta Oskar Arlanzon; eta orain, Malenkonia taldeko Rober Ferreiro gitarra-jolea batu dute taldera. "Aurreko musika egitasmoekin alderatuz, anitza da, power pop estiloko doinuak ditu eta hausnarketarako bidea ematen duten hitzekin osatuta dago". 

Plateruenan domekan aurkezteko aukera izango dugu, eta gu ere oso eskertuta gaude eman diguten aukeragatik. Diskoan jasota dauden bost kanta elektriko eta beste pare bat eskainiko ditugu. Laukote formatuan joko dugu, baina diskoan kolaboratu duen Maddi Arlanzonen ahotsa ere entzungo da. Gure lehen kontzertu elektrikoa izango da, eta Plateruena leku mitikoan, gainera; tamalez, bere azken egunetan dagoen aretoan", dio Yanizek.

Kartela, Ane Pikazarena

Durangoko Azokako taupada ez dute gelditu nahi izan Azokaren bultzatzaileek, eta horren isla da aurtengo kulturaren plazaren irudia. Ane Pikaza ilustratzaile eta aktoreak egin du aurtengo kartela, eta bertan, kolorez jositako bihotz bat irudikatu du paisaia grisaren gainean, TaupaDA! leloa jarraituz. "Kultura mugimenduan dagoen zerbait dela azaleratu nahi nuen, egoera latzenetan ere kolore biziz loratzen dena", dio egileak.

Bost eguneko Azoka

Ikasleen Goizarekin abiatu dute aurten ere kulturaren plaza, eta gaur 18:00etan egingo dute inaugurazio ofiziala. Xabier Madariagak gidatuko du eta han izango dira Eñaut Elorrieta, Kirmen Uribe –New Yorketik– eta Bagara dantza taldea. Horrez gain, Azoka babesten duten erakunde publikoetako ordezkariak ere bai: Eusko Jaurlaritza, Durangoko Udala eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiak.

Debagoiendarren aurkezpenak

Abenduak 5, zapatua

  • Euskal Herriko ikus-entzunezkoak Aurten ekoiztu diren hainbat euskal ikus-entzunezkoren trailerrak eskainiko dituzte; horien artean, Erlauntza eta Hil kanpaiak filmenak. Streaming-ez, 14:30ean.
  • Bizarro Deshumanizazioa diskoaren aurkezpena, Plateruenan, 20:15ean.

Abenduak 6, domeka

  • Joxe Mari Arregi frantziskotarra 2021eko Arantzazuko Andre Mariaren egutegiari buruzko elkarrizketa egingo dio Juan Luis Zabala kazetariak, Landako gunean, 16:00etan.
  • Kaleko Urdangak eta Perlata taldeak Argitaratu berri dituzten lanak aurkeztuko dituzte, Atarrabiako Totem aretoan, 18:00etan. Sarrerak, agortuta.
  • Brigade Loco eta Barne Guda Bergarako taldeek kontzertua eskainiko dute, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 18:00etan. Sarrerak, agortuta.
  • Mila Modu Absurdoaren paradisua lana aurkeztuko du Oñatiko taldeak, Plateruenan, 18:00etan.
  • Kimuak katalogoa 2020 Aurtengo bilduman jasota dauden Dar-dar (Paul Urkijo), Quebrantos (Maria Elorza eta Koldo Almandoz) eta Ehiza (Hauazkena taldea) filmei buruzko solasaldia egingo dute egileekin, Landako gunean, 19:00etan.

Abenduak 7, astelehena

  • Hizpilu Ganbila irakurketa dramatizatuak EHAZE elkarteak Susa argitaletxearekin elkarlanean plazaratu dituen antzerki liburuen laginekin Karrika antzerki taldeak antzezlanen collage bat osatuko du Landako gunean, 19:00etan. Kepa Errastiren Mami Lebrun antzezlana dago horien artean.

Abenduak 8, martitzena

  • Euskal Herriko ikus-entzunezkoak Streaming-ez bakarrik, 14:30ean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak