Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak agindutako kanpo ebaluazioa. Diputatuarekin batera, Javier Castro eta Alejandro Gomez Ordoki ikerketaren egileak egon dira eta ebaluazioaren ondorioak azaldu ondoren, 25 neurrien inguruan aritu da Peña.
Neurrien artean, egoitzetako arreta ratioen igoera nabarmendu nahi izan du eta %10 inguruko igoera izango duela adierazi du foru diputatuak. Neurri horrek, “arreta indartzeko 275 langile gehiago izatea dakar” eta hauetatik 214 zuzeneko arretan egongo lirateke.
Beste neurrietako bat, egoiliarrek beren familiarekin duten harremana areagotzean datza, orain arte hartutako neurriak sendotuz eta horretarako bisitak eta irteerak indartuko dira. Zentzu horretan, Gabonei begira bisitetara joaten diren pertsonen kopurua bikoiztu egingo da, bisita birtualak indartuko dira eta kanporako irteerak egiten jarraituko dira. Gabonetako bisitak indartzeaz gain, Aldundia jarduera programa berezi bat prestatzen ari da, adinekoen ongizatea hobetzeko helburuarekin.
Azkenik, babes materialaren banaketari eta hornidurari buruz ere mintzatu da Peña eta Foru Aldundiak 30 milioi unitate erosteko lizitazioa egin duela adierazi du, datorren urtean zehar zentro guztiak bi hilean behin hornitzea bermatzeko.