Espainiako Osasun sailburu Salvador Illak esan du aurtengo Gabonak "etxean geratzeko Gabonak" direla. "Zuhurtziaz" jokatu behar dela. Horregatik, bazkaltzeko edo afaltzeko ospakizun egunetan, egun seinalatuetan, gehienez, hamar pertsona elkartzea baimentzen da. "Posible bada, bizikideak diren pertsonak elkartzea litzake onena. Edo, asko jota, bi familia bizikide", esan du.
Abenduaren 24an eta 31n, etxeratze agindua luzatu egingo da, 01:30era arte. Luzapena baliatu beharko da norbere etxera itzultzeko.
Erkidegoen arteko mugak, itxita
Erkidego baten barruko neurri murriztaileak zenbaterainokoak izango diren erkidegoak berak zehaztuko duen arren, adostutako neurrietako bat da erkidegoen arteko konfinamendu perimetralak indarrean egongo direla abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra arte. Beste erkidego batera joan gura dutenek familiarekin elkartzera doazela "egiaztatu" beharko dute. Kasu horietan bakarrik irten ahalko da erkidegotik.
Pilaketarik ez
Era berean, urte bukaeran egoten diren ekitaldi jendetsuak, ahal diren neurrian, saihestu egin behar direla esan du Salvador Illak: kanpaikadak, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita, Errege Magoen desfilea, San Silbestre lasterketak...
Ikasleen itzulera
Kanpoan ikasten dauden unibertsitateetako ikasleek ere izango dute aukera etxera itzultzeko. Beraien jarduera "burbuiletara edo bizikidetza unitatera" mugatzea aholkatu diete, eta etxera itzuli aurreko hamar egunetan jarduera soziala "etetea".